Bernardo Atxagaren eleberrian oinarriturik Imanol Rayak zuzendutako ”Bi anai” pelikularen estreinaldiak zabalduko du Zinemira saila. Irailaren 21ean Victoria Eugenia antzokian ospatuko den Euskal Zinemaren Galan izango da hori.
Elias Kerejeta zuzendari eta ekoizleak jasoko du Zinemira saria.
Zinemira Donostiako Zinemaldiaren baitan Euskal Herrian ekoitzitako zinemari eskainitako atala da. Aurten zazpi pelikula aukeratu dira atal honetarako: hiru ekoizpen berri aurkeztuko dituzte, eta Panorama atalaren barruan, aurten ekoitzitako lau film nabarmen emango dituzte.
"Bi anai" pelikulaz gain, beste bi estreinaldi ere izango dira, biak dokumentalak: David Aguilarren ”Nao Yik” eta Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren ”El último paso”. Hiru lanak Serbitzu Zinemirasaria irabazteko lehiatuko dira, sari honen helburua euskal kultura eta industria zinematografikoa garatzen laguntzea da; orotara 20.000 euro gordin irabaziko ditu filma ekoitzi duenak.
Panorama atalean, besteak beste, zinema aretoetan gaur bertan estreinatzen den Alberto Gorritibereak zuzendutako "Arriya" emango dute eta baita Fermin Muguruzaren "Next music station: Lebanon" dokumentala ere. Muguruzak arabiar munduko musika-errealitatearen soinu-mapa azaldu du Al Jazeerak ekoitzitako dokumental-serie batenbidez; Panoraman ikusi ahalko dena Libanori buruzko dokumentala izango da.
Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin
Zinemira sailaren barruan 2011ko Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea da; bederatzi film labur bildu dituzte.
Euskadiko Filmategiak Euskal Herriko ondare zinematografikoko obra zahaberrituak emateko aukera eskaintzen dio Zinemaldiari. Aurten Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarraren hiru film labur dokumental aurkeztuko dituzte, erabat euskaraz sortutak oeta filmatutako historiako lehendabiziko pelikulak.