Hilabete pasatxo falta da Donostiako 66. Zinemaldia hasteko, eta pixkanaka ari dira jakitera ematen erakutsiko dituzten filmen zerrenda. Perlak sailean aurrez iragarritako sei tituluei beste hamar gehitu zaizkie orain: Bradley Cooper aktore estatubatuarrak zuzendu duen lehen filmak, A Star is Born-ek irekiko du saila, eta, haren ondotik, Jacques Audiard, Damien Chazelle, Alfonso Cuaron, Lukas Dhont, Ciro Guerra eta Cristina Gallego, Mamoru Hosoda, Nadine Labaki, Spike Lee eta Jia Zhangke zuzendarien lanak izango dira ikusgai. Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehian izango dira denak.
Bradley Cooperrek bi musikariren arteko amodio istorio tragiko bat ondu du bere estreinako lanean, eta berak jokatu du rol protagonistetako bat. Hilaren amaieran, Veneziako Mostran estreinatu ostean iritsiko da filma Donostiara. Jacques Audiardek, berriz, The Sisters Brothers westerna aurkeztuko du, Patrick deWitt idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutakoa eta Venezian estreinatuko dena hori ere. Damien Chazellek, berriz, First Man ekarriko du Donostiara, zeinetan Neil Armstrong astronauta eta haren kideak ilargira iritsi zirenekoa kontatzen duen. Alfonso Cuaronek etxeko langile baten bizitza irudikatu du Roma filmean, eta hori ere Veneziatik pasatu ondotik iritsiko da Zinemaldira.
Lukas Dhontek bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostian, Girl, zeinak lehen lanik onenaren Urrezko Kamera eta Un Certain Regard saileko Fipresci saria eskuratu zituen Cannesen. Ciro Guerrak eta Cristina Gallegok ere Cannesen, Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuten Pájaros de verano, zeinak benetako istorio baten bidez Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria aztertzen duen. Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldia aurkeztu zuen, halaber, Mamoro Hosodak Mirai filma, orain Zinemaldira ekarriko duena. Eta Cannesen Epaimahaiaren Saria jaso ondotik aurkeztuko du Donostian Nadine Labakik Capharnaum filma.
Spike Lee ere Publikoaren saria lortzeko hautagai izango da BlacKkKlansman komedia dramatikoarekin. Ku Klux Klanen infiltratzen den polizia afroamerikar bati buruzko filma da, eta Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Cannesen, baita Publikoaren saria Locarnoko jaialdian ere. Jia Zhangkek, berriz, Txinan gertatzen ari diren aldaketak amodio istorio bortitz baten bidez azaldu ditu Ash is Purest White filmean, zeina Cannesko lehian ere erakutsi zuten.
Horiek guztiak ez ezik, aurrez iragarritako Another Day of Life (Raul de la Fuente, Damien Nenow), 3 Rock / Three Faces (Jafar Panahi), Zimna Wojna / Cold War (Pawel Pawlikowski), El ángel (Luis Ortega), Leto (Kirill Serebrennikov) eta Netemo Sametemo (Ryusuke Hamaguchi) filmak ere Perlak sailean erakutsiko dituzte.