AUHENAREN SENTIMENDUA

2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
(Rikardo Arregiren heriotzeagatik negarrez)

Gabriel Aresti

Hamar egunean gordea eta
(azkenean) Andoaingo elizan
lehertua

Aurtengo uztaren hamarrean
Bilbaoko zerua mitxeletaz estaldurik
agertu zen.

Mila eta bostehun jainkoilo beltz
pausatu ziren
nire leihoaren kontra,

mila eta bostehun sorgin bihurri,
mila eta bostehun lamia eder.

       Zer berri?
       Ekarri?

Ikusiko, ikusiko.
Heure denbora guztiko.

     Aita Kristobal Jaundonearen
     bederatzien luzea!
     gaur ere ama heriotzeak
     ongi daduka asea
     euskal haragi sendo-gazteaz
     agertzen duen gosea.

     Zer berri?
     Ekarri?

Adituko, adituko.
Eta gainera damutuko.

Eta Donostiatik Bilbaora
andre negarreztatu baten garraisia
belarrietara barrena
ebaki zenean,
sasi guztien azpitik
eta
hodei guztien gainetik
itzali ziren
mitxeletak, sorginak, lamiak.

(Mila eta bostehun izan ziren
goizalde luze
hartan
kontatu nituenak).

eta barrenaz
min haundi bat jaundu zen,
bildur haundi bat jabetu zen
lotsa haundi bat nagusitu zen.

     Done Kristobal xoferra
     santu benetan ankerra
     hea zeruan zuzentzen duzun
     hemengo zure okerra

Eta Sasiolako bide-ertzean
nire anaiaren zapata odoleztatuak
ikusi nituenean,
zapata haek nireak izan zitezela
eta odol hura
nirea izan zedila
guratzearen indarrez
kezko bola batek itotzen zizkidan
biriak.

Sasiolako orena
Rikardo Arregirena
Milaka geunden hartzeko baina
hartu duzu hoberena.

Eta Mutrikuko hilerrian
nire anaiaren katabutaren gainean
nire esku zikinak
jarri nituenean,
ni barrenean eta hura kanpoan
egon gintezen
guratzearen indarrez,
suzko bala batek lehertu zizkidan
begiak.

     Hil da Rikardo gurea
     Euskeraren errube'a:
     Gure anaia hil zaigu baina
     bizirik nago sugea.

Sasi guztien azpiko eta hodei guztien gaineko leku batean
bilduko gara
berriz
sugea eta usoa.

(Hala agindu baitzigun
Mateok bere hamargarren
kapituluko hamaseigarren
bertsoan:

Ecce ego mitto uso sicut oues in medio luporum.
Estote ergo prudentes sicut serpentes, et simplices
sicut columbae)

[Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet.Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.