Aukeran dantza taldearen 'Gernika' ikuskizuna lagunduko du EGOk

Hiru emanaldi eskainiko ditu orkestrak neguko denboraldian: Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen ditu Aukeran taldeak Gernika, mihise gaineko dantza ikuskizunean. IGNACIO PEREZ.
Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariak bildurik daude, igandeaz geroztik, Eibarren (Gipuzkoa), neguko emanaldiak prestatzeko. Hiru kontzertu baino ez ditu eskainiko, baina orain artean egindakotik ezberdina izango da urtarrilaren 2an Gasteizko Principal antzokian, 3an Bilboko Euskalduna jauregian eta 4an Donostiako Kursaalean ikusi eta entzun ahal izango dena. Hain zuzen, ezohiko egitaraua interpretatuko du, dantza eta musika uztarturik. Aukeran dantza taldearen Gernika, mihise gaineko dantza ikuskizuna lagunduko du EGOk, Juan Jose Ocon zuzendariaren agindupean.

Aukeranek iaz estreinatu zuen Gernikako herriaren bonbardaketan oinarritutako koreografia. Donostiako Antzerki Ferian aurkezpena egin ondoren, Gernikan bertan taularatu zuen hilabete batzuk geroago. Hamalau sekuentziatan banaturik, «hondamendiaren aurreko eta ondorengo herri baten istorioa» azaltzen du ikuskizunak, Edu Muruamendiaraz zuzendariaren hitzetan. Picassoren koadro ezagunaren bost irudi aukeratu dituzte, eta dantzariek agertokian irudikatu egiten dituzte, oihal elastikoak erabiliz. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan hildakoen zerrenda errezitatzen duten unea da Gernika ikuskizuneko unerik hunkigarrienetakoa.

Aitor Amezagak —80ko hamarkadan Akelarre plaza taldean ibilitako musikaria—sortu du ikuskizunerako musika —Pablo Sorozabalen Hileta Martxa ere erabili dute—, eta gidoia eta eszena zuzendaritza Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak partekatu dute. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako emanaldietan Euskal Herriko Gazte Orkestrako 48 musikariak, 12 kantari eta 10 dantzari elkartuko dira oholtzaren gainean.

Euskal Herriko Gazte Orkestra 1997an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta negu honetakoa 27. denboraldia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.