Aurelia Arkotxa euskaltzain oso izendatu dute

Euskaltzaindiak Donostian egindako bilkuran hartu du erabakia, eta 25. aulkia beteko du.

2007ko martxoaren 30a
12:24
Entzun
Aurelia Arkotxa euskaltzain oso izendatu du gaur Euskaltzaindiak, Donostian egin duen osoko bilkuran. 25. aulkia beteko du. Jean Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu zuten orain aste batzuk haren hautagaitza; harena zen proposamen bakarra.

2003ko urtarrilaren 31n Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.

Arkotxa Baigorrin (Nafarroa Beherea) sortu zen, 1953ko urriaren 3an, eta haurtzarotik Hendaian (Lapurdi) bizi izan da. Filologia Hispanikoan lizentziatua da eta Euskal Filologian doktoretza lortu zuen 1990ean. Tesia Bordeleko (Frantzia) Unibertsitatean aurkeztu zuen, Gabriel Arestiri buruz idatzi zen lehena, Maldan behera poemari buruzkoa.

Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da 2000. urteaz geroztik.

Hainbat liburu idatzitakoa da: Atari ahantziak, Septentrio, Antoine d'Abbadie, Pensées études et voyages de 1835 (Patri Urkizurekin batera eginikoa), Euskal kritika gaur (Mari Jose Olaziregirekin batera)...

BERRIA egunkariko kolaboratzailea ere da. Astero artikulua idazten du. Argia eta Maiatz aldizkarietan ere kolaboratzen du, besteren artean. ETBn Sautrela programan ere aritzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.