Liburu digitala obra berarenpaperezko bertsioa baino %25 edo %30 merkeago dago, kasurik gehienetan, Gurebooken, eta DRMa edo giltzarrapoa du, hau da, bost edo sei irakurgailu elektronikotan erabil daiteke, ez gehiagotan. Gurebookek liburu digitalak merkeago eta DRMrik gabe saldu beharko lituzkeela uste dutenetakoa da Mikel Elorza, prentsan agertu diren hainbat kritikarekin bat eginez. «Begien bistakoa da liburu digitala produkzio kostuen aldetik askoz merkeagoa dela, eta niri oso garestiak iruditzen zaizkit liburu batzuek Gurebooken dituzten salneurriak».
«Salneurri horiek erabaki dituzten argitaletxeetako arduradunek paperezko liburuak saltzen jarraituko dute, eta horregatik jarri dituzte prezio horiek», Elorzaren ustez. «Liburu elektronikoaren gunea izan arren,paperaren eskemari jarraituz pentsatua dago Gurebook. Merkatua paperean zentratzen den bitartean, prezio altu horiei eutsiko zaie».
«Liburu elektronikoak iraultza txiki bat dakar, eta gure lan egiteko moldeak egokitu egin beharko dira», erantsi du Elorzak. «Egile eskubideen alde erabiltzen diren argudioen %90 ez ditut neure egiten. Uste dut ez dela egile eskubideen defentsa egiten, produktoreena edo beste norbaitena baizik. Baina egia da egile eskubideak ere hor daudela, eta berriz aztertu egin beharko dela horien kudeaketa. Fase horretan gaude, eta kostako da hori nola egin erabakitzea. Bere burua definitzen ari den mundu bat da».
Gurebooken liburu digitalak saltzen dituzten argitaletxeetako arduradunak ere ez daude «guztiz seguru eta eroso» salneurrien inguruan hartu dituzten erabakiekin, Jorge Gimenez Bechek dioenez. «Baina zenbakietan oinarrituta hartutako erabakiak dira. Ahal dugun bezain laster, guk ere jaitsi egingo ditugu prezioak. Gure asmoa da merkatu digitala indartzea, ez oztopatzea».
«Egia da kostuak gutxitzen direla, baina neurri bateraino», argitu du Gimenez Bechek, Gurebookeko liburuak garestiegi saltzen direla dioen kritikari erantzuteko. «Liburu bat lehendabizi paperean eta gero formatu digitalean argitaratzen denean, gastu gehienak paperezkoari bezala digitalari dagozkiola uste dut, edo, bestela, norbaitek esan beharko dit zergatik dagozkion gastu horiek soilik paperezkoari: edizio lana, itzulpena, zuzenketa, editorialaren funtzionamendu gastuak…Horrela jokatuko bagenu, penalizatu egingo genuke liburu digitalari eusten ari zaion industriatxoa, hau da, paperezko liburuen industriatxoa. Ez diot inongo logikarik ikusten gastuak kalkulatzean hainbat gastu paperezkoari soilik egozteari».
Azken batean, Gimenezek Bechek dioenez, inprenta gastuak baino ez dira aurrezten, funtsean, liburu digitalaren edizioan. «Gainera, horren ordez beste gastu batzuk sortzen dira, lehen sortzen ez zirenak. Inork ez dezala pentsa, modu profesionalean lan egin nahi izanez gero behintzat, paperezko maketatik abiatuta automatikoki sortzen denik liburu elektronikoa. Edizio elektronikoak bere gastuak ere baditu. Aurrezten denari kendu behar zaio liburua euskarri digitalean egiteko egin beharreko gastua».
Zailtasun erantsi bat dago, gainera, «koiunturala» bada ere: liburu digitala ez da legearen ikuspegitik liburutzat jotzen, softwaretzat baizik. «Horrek esan nahi du BEZa %18koa duela, eta ez %4koa, paperezko liburuak bezala», azaldu du Gimenez Bechek. «Hau da, 4,5 gehiagoko BEZa du, paperezkoaren aldean. Hori ere datu garrantzitsua da, eta eragiten du liburu digitalen salneurrian».
Aurkako erreakzioak sortu dituzte Gurebookeko liburuen salneurriek
«Zenbakietan oinarritu gara», dio Gimenez Bech editoreak, garestiegi daudela diotenei erantzunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu