Kultura

Aurkikuntzen inguruko adituen txostena zalantzan jarri du Eliseo Gilek

Aurkikuntzen gaineko 25 txostenetatik hamarrek "soilik" azpimarratzen dutela faltsutasuna azpimarratu du eta ikerketa gehiago egiteko eskatu. Ildo horretan, faltsutasuna "salaketa, prozesu eta froga dokumentalik gabe" zabaldu dela iritzi dio Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohiak. Astelehenean, bere taldeak Arabako Foru Aldundiaren ikerketaren gaineko zuzenketak aurkeztuko ditu.

2008ko azaroaren 28a
17:32
Entzun
Eliseo Gil Iruñea-Veleia aztarnategiko zuzendari ohia bigarren aldiz agertu da kazetarien aurrera, eta adierazi du "partzialak eta eztabaidagarriak" direla aurkikuntzen faltsutasuna azpimarratzen duten emaitzak. Gainera, azpimarratu du 25 txostenetatik hamar direla aurkikuntzak gezurrezkoak direla ditoenak. Gainontzekoak "neutroak" edo bere taldeak gauzaturiko lanari dagokionez "baikorrak" dira, Gilen aburuz.

Behin bat gehiagoz berretsi du ez dagoela aurkikuntzen faltsutasunaren inguruko "adostasun zientifikorik" eta "zientzia, eta ikerketa gehiago" egitea eskatu du, baita nazioarteko aditu gehiagoren iritzia biltzea ere.

Adituen batzordean txostenetan erabateko adostasuna izatea "engainagarria" da Iruñea-Veleiako zuzendari oiharen iritziz. Era berean, gogorarazi du faltsutasuna ez den beste aukerarik aztertzeko asmorik ez dela egon. Ildo horretan, kritikatu du "salaketa, prozesu eta froga dokumentalik izan gabe" zabaldu dela faltsutasuna. Gainera, bere taldeari ohorean eta lan gaitasunean kalte egiten dion "muntaketa" deitoratu du. "Injustuki manipulatuak sentitzen gara", esan du eta, gaineratu, "egon daitekeen ardura guztiaren erantzule" egiten dela, baina beste arduradun batzuk daudela gogorarazi du, eta "horiek ere euren ardura onartu" beharko dutela.

Era berean, Arabako Foru Aldundiaren lana kritikatu du eta, astelehenean, bere taldeak Aldundiaren ikerketaren gaineko zuzenketak aurkeztuko dituela jakinarazi du. Ez du baztertu, gainera, Arabako Batzar Orokorretan agerraldia egitea bere bertsioa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.