COVID-19aren eragina kulturan

Aurreikusi baino %40,8 txikiagoak izango dira kultur eragileen urteko diru sarrerak

COVID-19ak kultur sektorean izandako eraginari buruzko lehen txostena plazaratu du Kulturaren Euskal Behatokiak. Haren arabera, kultur jarduera %82,6 murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Apirilaren 9tik 26ra bitarte bildu zituzten datuak.

Joan den astean zabaldu zituzten ateak liburu dendek. Irudian, Donostiako Elkar. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko maiatzaren 19a
17:35
Entzun

COVID-19ak kultur arloan izandako eraginari buruzko bere lehen azterlana plazaratu du Eusko Jaurlaritzaren menpeko Kulturaren Euskal Behatokiak. Txosten horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur eragileek aurreikusi dute beren urteko diru sarrerak COVID-19a hedatu aurretik espero zuten baino %40,8 txikiagoak izango direla. Halaber, bildutako emaitzen arabera, %82,6 murriztu da kultur jarduera, «kultura enpresen barne jarduerari baino ezin izan baitzaio eutsi». Pandemiaren ondoriozko krisiak kulturaren esparruan izan duen eragina neurtzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako Krisiaren Behatokia txostenaren lehen jasoalditik atera dira datuok. Apirilaren 9tik 26ra bitartean bildu zituzten datuak, eta kultur arloko 243 eragilek parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Txostenak, lehenik, COVID-19aren aurreko testuingurua deskribatzen du, kultura adierazleak eta adierazle ekonomikoak aurkeztuz. Halaber, sektoreko eragileek erreakzio gisa egin dituzten egitasmoak jasotzen dira. Inkestaren emaitzei dagokienez, lehendabizi, eraginaren azterketa orokor bat agertzen da jarduerari, enpleguari eta balantze ekonomikoari dagokienez. Ondoren, sektore edo diziplina bakoitzari buruzko datu espezifikoak ematen dira, aldez aurreko egoerakoak eta inkestaren emaitzei lotutakoak. Sektoreari begira erakundeetatik martxan jarritako neurrien laburpen bat ere badago txostenean. Eta, amaitzeko, hainbat ondorio aletzen ditu.

«Kulturak COVID-19aren aurretik zuen testuinguruari dagokionez, joera positibo bat identifikatzen da azterlanean, batez ere kontzertuetan eta arte eszenikoetan», azaldu du Jaurlaritzak. Haren arabera, egoeraz egiten zuten balorazioan, eragile gehienen kasuan «perzepzioak positiboak» direla azaldu du, eta pandemiaren aurreko egoera ona edo oso ona zela adierazi duten eragileak %57 izan direla. Aldiz, aurreko egoera txarra edo oso txarra zen eragileen %20ren ustez.

Bestetik, inkestak utzitako emaitza orokorrei erreparatuta, diru sarreren galerak %40,8koak izatea aurreikusten da, batez beste, 2020rako eragileek zituzten aurreikuspenekin alderatuta. Enpleguan, % 43,2ko eragin negatiboa izan da (kaleratzeak, aldi baterako erregulazioak eta beste neurri batzuk aintzat hartuta), baina eragina izan den kasu guztien % 10ean baino ez da egon kaleratzerik, datuon arabera. Halaber, hamar eragiletik ia zazpik aurreikusten dute pandemiak «eragin sakona edo erabatekoa» izango duela beren jardueran.

Kultur jarduerari dagokionez, batez beste %82ko beherakada izan dela jasotzen du txostenak, soilik jardueraren parte txiki bati eutsi ahal izan baitiote eragileek (barne jarduera, baliabide digitalen bidez egin daitekeena, abian dauden produkzioekin edo plangintzarekin zerikusia duena, eta abar). Aztertutako denbora tartean, halaber, eragina handiagoa izan da produktu fisikoen salmentan, dendak itxi izanaren ondorioz; zehazki, liburuen eta diskoen salmentak %62,49ko beherakada izan du. Zuzeneko jarduerari dagokionez, kasu gehienetan jarduerak atzeratu egin dira, datarik jarri gabe, eta etorkizuneko kontratazioen aurreikuspenek ere %80ko beherakada jasotzen dute batez beste.

Inkestan parte hartu duten eragileek beren kultura proiektuen bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko garaian garrantzirik handiena duten gastuak ere aipatu dituzte. Garrantziaren araberako hurrenkeran, honako hauek dira: zerga betebeharrak, langile gastua, hornidurak eta, azkenik, kontratatutako kanpoko zerbitzuak.

Kulturako langileek baliatu dituzten neurriei dagokienez, inkestaren lehen jasoaldia egin zenean hauek azpimarratu ziren gehien: telelanari lotutako soluzioak, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen eta zerga betebeharren malgutzea, eta beste administrazio prozedura batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.