Aurreskua, hutsuneak betetzeko

Asier Zabaletak 'Joan zaretenei adio' lana aurkeztuko du bihar, Donostiako Pasealeku Berrian

Asier Zabaleta, Donostiako Pasealeku Berriko Oteizaren eskulturaren parean. Han aurkeztuko du lana. GORKA BRAVO.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Azken 40 urteotan euskal gatazkak «bizitza lapurtu» dien guztiei «ohore» egin nahi izan die Asier Zabaleta koreografo eta dantzariak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1972). Horretarako sortu du Joan zaretenei adio lana. Aurreskua dauka oinarrian koreografiak, baina begirada «gaurkotu» dio dantza tradizionalari. «Aurreskuaren aldeko apustua egin dut, azken finean ohore dantza bat delako », azaldu du Zabaletak. Eta aurreskuarenbidez ahalegindu da «bidean gelditu diren pertsonen hutsunea sentitzen». Donostiako Pasealeku Berriko Oteizaren eskulturan aurkeztuko du, bihar, 20:00etan.

Aspalditik zeukan «bidean gelditu direnak» omentzeko asmoa. Eta, «kasualitatez», pasa den urtarrilean, Iñar Sastre musikariak bidali zizkion bai aurreskuaren eta bai Bizkaiko Banako dantzaren bertsio bana. «Piano solo-ak ziren bi piezak. Ikaragarri gustatu zitzaizkidan, eta pentsatu nuen iritsi zela buruan bueltaka nuena gauzatzeko momentua». Doinu horiei koreografia bat gehitu die Zabaletak. «Hala ere, bai Iñarren [Sastre] musikak eta bai nire koreografiak ez daukate zerikusirik jatorrizko aurreskuarekin. Zeharo garaikideak dira biak». 15 minutuko ikuskizuna osatu du Zabaletak, eta bakarrik arituko da.

Kalean gauzatzea erabaki du: «Publikoaren gertutasuna sentitzea gogoko dut, eta lan honetarako, bereziki, are garrantzitsuagoa zela iruditzen zitzaidan. Edonon eta edonoiz egin ahal izango zen zerbait nahi nuen». Kokaleku gisa Oteizaren eskultura hautatu izanak ere badauzka bere arrazoia: «Izugarri gustatzen zaidan tokia da. Pentsatzen nuen leku aproposa izan zitekeela zerbait egiteko, eszenatoki moduko bat duelako».

Ezin etxean programatu

Donostiako Pasealeku Berrian aurkeztuko du, eta hurrengo egunean Brasilera joango da Zabaleta. Belo Horizonteko Horizontes Latinos jaialdian eta haren bueltan beste hiru emanaldi egingo ditu. Gero, urrian, Tarrasako (Herrialde Katalanak) TNT Nazioarteko Jaialdian ere dantzatuko du Joan zaretenei adio, «eta Italian ere bai, igual». Euskal Herritik, ordea, ez diote deitu oraingoz. «Hemen, lan bat estreinatu eta ikusi arte, inork ez dizu obra hori erosiko. Zoritxarrez, gure kasuan behintzat, horrela funtzionatzen du. Beharbada antzerki obretan-eta, kasu ezagun-ezagunetan, bestela funtzionatuko du, baina gure kasuan...».

Zabaletak, badaki, gainera, lan berriak «kontuz ibiltzeko gai bat» ukitzen duela. «Nolabait esatearren, alde batek edo besteak bere egiteko arriskua dauka, eta hori da, hain zuzen ere, nik nahi ez dudana». Zerbait «irekia» egitea da bere asmoa. «Inor ez dadila baztertuanteaa sentitu». Horregatik, argi dauka ez duela «polemikarik» eragin nahi. «Gainera, iruditzen zait badela garaia Euskal Herrian horrelako gauzez normaltasunez hitz egiteko. Halere, uste dut gauza oso pertsonala dela».

Obra ikusita, Zabaletak pentsatzen du jendea «ukituta» sentituko dela: «Posizionatu gabe, baina saiatu naiz pertsona horien hutsunea sentitzen. Edonork eta edonondik datorren edonork ukituta sentitzeko arrazoiak badituela esango nuke». Aurreskua erabiliko du horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.