Aurtengo maskaradak Santa Grazik emango ditu, 17 urte pasatu eta gero

Otsailaren 6tik maiatzaren 15era, 15 agerraldi egingo dituzte: Santa Grazin bertan lehena eta azkena, eta 13 jelkaldi beste herrietaraDonostiara ere ateraldi bat egitea aipatuta dago, baina oraindik egunik ez da finkatua

Santa Graziko azken maskaradak, 1994an, atzeko mendietan elurra ageri dela. MARCEL BEDAXAGAR.
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Santa Grazi herriak emango ditu aurten maskaradak, Zuberoan. Guztira, hamabost agerraldi egingo dituzte, otsailaren 6a eta maiatzaren 15a bitartean. Santa Grazin bertan lehen eta azken agerraldiak egiteaz gain, Zuberoako beste herrietan hamahiru jelkaldi egingo dituzte. Ohiz kanpo bada ere, aipatuta dago Donostiara ateraldi bat egitea, baina egunik ez da jakiterat eman oraindik.

Bazen hamazazpi urte ez zituztela Zuberoako inauteri bereziak antolatu Santa Grazin, azkenengoak 1994. urtean gertatu baitziren. Tarte horretan, haatik, euskal kulturaren sorkuntza alorrean ez dira ezer egin gabe geratu santagraztarrak, Santa Engrazi pastorala eman baitzuten 2006an. Herri bat maskaradarik egin gabe epe luze batean egotea ez da ere beti seinale txarrekoa. Kasu jakin honetan, alderantzizko marka da ere, zeren eta urtero egon baitira maskaradak, Zuberoako hainbat herrik bata besteari lekukoa pasata.

Orain dela hamazazpi urteko maskaradei alderatuz gero, aldaketa nabari bat antzemango du ikusliarrak, inauteria hauetan arizale diren hogeita hamar bat gazteen artean neskak gehiengoan direla ohartuta. Horrela, kargu nagusien artean ere neskak egongo dira, hala nola Xorrotxak eta Kerestuak. Xorrotxak, esaterako, Julie Iribe eta Sophie Xutahandi izango dira. Xorrotxen kasuan ez bada lehen aldia izango —Maule-Lextarreko 2007ko maskaradetan ere bi neska izan ziren, eta Atharratze-Alozek 2008an antolatutakoetan bata halakoa zen—, Kerestuetan, aldiz, lehengo aldia izango da neskak egotea. Lehengoa, ez erabat, zeren eta Eskiulak 1992an eman zituen maskaradetan ere neskak baitziren... beste arizale guztiak bezala. Kerestuak dira Zamaltzaina zikiratu egiten dutenak eta biarneseraz mintzatzen direnak. Berrikuntza horrek, ziur asko, ikusmin handia piztuko du.

Kabana, Pitxu, Buhame jauna

Kargu nagusien ildoari jarraituz, Kauteren buruzagi basatia den Kabana Handiaren egile Dominique Pinke izango da. Pitxu kautere broma egilearen jokoa egitea aldiz, Franck Errezareti tokatuko zaio. Munduan zehar ibiltari arraroak izatea ohi duten Buhameen Jaun edo Erregea, berriz, Herve Chuburu izango da.

Maskaradak dantza agerraldi baitira ere, zalantzarik ez daiteke izan Bralea, Lagabota, Godalet dantza eta beste emango dituztenak oso txukun arituko direla, euren eskolatzaile Jean Etxegoien izan baita. Kauterek egingo duten peredikuaren idazle nor edo nor izango den ez da salatzerik, aldiz, jelkaldiak gertatzen diren herrietako xelebrekeria edo pasadizoen moldatzailea(k) sekretuan egotekoak baitira. Horrela hobe da, Kabana Handiak, Pitxuren erreferarekin, egiten dituen ahapaldiak maiz zorrotzak baitira...

Jelkaldiei dagokienez, hain zuzen, betiko ohituraz Santa Grazin bertan egingo diren lehen eta azken agerraldiaz gain, guztira Zuberoako hamahiru herritara joanen dira maskarada egileak. Hauetatik zazpi Basabürüan, hots, Atharratzeko kantonamenduan egingo dituzte, eta beste seiak, aldiz, Mauleko kantonamenduan. Maule-Lextarre hiriburura joaiteari, berriz, uko egin diote santagraztarrek, nahiz eta gonbita egin zieten. Iaz ere, jarrera berdina izan zuten Larraineko maskaradek. Herri gehiegietarik gonbitak jaso izana ez da arrazoi bakarra izango, baina...

Asko jaso eta asko onartu ere, maskaraden agerraldiek maiatz erditsura arte iraungo baitute. Eta gehiago ere, Donostiara joatea gertatzekotan beranduago jazoko baita. Jelkaldien egutegiak luzatze horiekin, inauterien ohiko epea gehiegi zabaldu egiten ari da, hau, ontsalaz, negu gorritik udaberria sartze bitartekoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.