Gairik sakonenak, gairik mingarrienak ere utz dezake tarterik umorerako. Euskararen heriotza «epe labur samar batean» gertatuko dela iragarri berri du Koldo Izagirrek. Hala esan zuen Autopsiarako frogak (Susa) liburuaren aurkezpen egunean, eta hala berretsi zuen, atzo, Ahotseneak idazle eta musikarientzat atonduriko karpapean. Edorta Jimenezek gidatu zuen Izagirreren liburuaren aurkezpen ekitaldia. Behin baino gehiagotan parekatu zituen liburu horren eta Joseba Sarrionandiak kaleratu berri duen Moroak gara behe-laino artean? (Pamiela) liburuaren arteko ondorioak. Sarrionandiarena irakurri «beharko» duela erantzun zion Izagirrek. «Tipo horrek dena plagiatu dit! Lehen ere banuen susmoa, baina orain erabat baieztatu dut», esan zuen barrez, bertaraturikoen artean ere barre algarak eraginez. Interesa piztu zuen Izagirreren jardunak, literatur aurkezpenetan ohikoa ez den betekada izan baitzuen Ahotseneako karpa txikiak.
Euskararen heriotza «kanpotik nahiz barrutik» programatua dagoela berretsi zuen idazleak. «Bihar hurbil samar batean hizkuntza desagertuko da, eta norbaitek esango du naturak bere lana egin zuela. Baina ez da heriotza biologiko bat izango. Etnizatutako populazio bat biziko da Euskal Herrian, baina ez du nahiko informazio izango jakin ahal izateko heriotza hori eragindakoa izan zela».
Sarrionandiak liburu berrian dioen esaldi bat jarri zuen mahai gainean Jimenezek: «Nahi ez genuen ia guztia lortu dugu». Eta gaineratu zuen bi liburuetan badela belaunaldi baten, 60 urtera iristen ari den belaunaldiaren gogoeta bat, zein amets izan zituzten eta zer lortu duten. Neurri batean ados agertu zen Izagirre, baina ñabardura egin zuen: «Hala ere, gure ametsa baino gehiago da zer prometitu ziguten. Etengabe promes egiten digute. Esaten digute euskara inoiz baino hobeto dagoela, baina hori gezurra da. Eta gezurrik handiena elebitasunarena izan da». Francoren diktadurapean euskara batua eta ikastolak sortu zirela gogora ekarri, eta demokrazia garaiotan, berriz, hori ezinezkoa izango litzatekeela nabarmendu zuen, euskararen normalkuntza zein egoeratara iritsi den erakusgarri.
Behin betiko autopsia heldu artean, oraindik badira, ordea, euskarak eta euskarazko sorkuntzak gutxienez irauten dutela erakusten duten printza batzuk. Zenbait barreneko bulkadari ezin eutsita murgiltzen da sorkuntzaren abenturan. Londresera egindako «barne bidaia» izan zuen sorkuntzarako iturburuetako bat Jon Benito idazle zarauztarrak Bulkada (Susa) poema liburua idazteko orduan. Beñat Sarasola literatur kritikariak jaurtitako galderak erantzunez aurkeztu zuen liburua atzo goizean. Bederatzi urteko isilunearen ostean liburu berriaren idazketari ekitearekin bat ni berri baten eraikuntzari ekin behar izan ziola eta nortasun berri horren eraikuntzan Londresera egindako bidaia lagungarri izan zuela adierazi zuen Benitok: «Izandakoak eta naizenak baino gehiago izan nahi dudanak eragiten duela gehiago ohartu nintzen. Txip aldaketa bat egon zen».
Bulkada plazan jarri aurretik ere liburua oihartzuna izaten hasi zen Interneten eta zenbait zirkulutan. Bere ingurunetik eta hurbileko zirkulutik aparte ere liburua harrera ona izaten ari dela egiaztatzeko balio izan dio Benitori Durangora egindako bisitak. Irakurleak identifikazioa ez ezik enpatia ere senti zezan nahi zuela esan zuen liburua aurkeztu zuenean, eta, zenbaitek hori adierazi diola eta, gustura zen.
Autopsia heldu artean, umore surrealistari (ez horregatik kritika sozialik gabea) eusten dionik ere bada. Aita hilik eta «usteldu gabe» etxean duten familiakide berezi batzuen istorioa kontatzen du Oier Guillan idazleak sorturiko Herio heroi antzezlanak. Etorkizuneko Euskal Herriko uneren batean bizi dira, egoera oso berezian: hildakoek usteltzeari utzi diotenez, bizirik daudenek haien gorpuekin egin behar dute elkarbizitza. Aktoreak ez, baizik eta pertsonaiek hartu zuten atzo Ahotseneako gunea, eta otsailetik aurrera eskaini asmo duten obraren zertzelada batzuk eman zituzten -orain artean irakurraldi antzeztuak egin dituzte-.
Heriotzari aurre egiteko beste modu bizigarri bat, akaso eraginkorrenetakoa musikarena da. Atzo ere musikak erakarri zuen jende kopururik handiena karparen azpira. Zain taldeak XXI. mendeko piratak (Baga Biga) estreinako laneko kantuak aurkeztu zituen, pop-rock bizi bat eskainiz, eta Unek hirugarren laneko bost kanturekin goxotasun akustikoa barneratu zien bertaraturikoei.
Autopsia iritsi artean zeri heldu badago Ahotsenean eta handik kanpora ere.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Autopsia heldu artean
Koldo Izagirreren saiakera liburu berriaren aurkezpenak eta Zain eta Une taldeek jendetza erakarri zuten Ahotsenea gunera, azokaren azken egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu