Europako adituen epaimahaiaren irizpideak kontuan izanik, Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016. urteko Europako kultur hiriburu izendatu zuen 2011ko ekainean. Kordobako Udalak helegitea jarri zion erabakiari, ustezko irregulartasunak aipatuz, eta, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak tramitera onartu du helegite hori. Europa Press berri agentziak baieztatu duenez, Gorenaren arabera, Espainiako Justiziak ahalmena dauka auzia aztertzeko, eta, azkenik, Madrilgo Auzitegi Nagusiak aztertuko du izendapenean irregulartasunik izan zen edo ez. Donostiako Udalak helegitea atzera botatzeko eskatu zuen, Espainiako Justizia auzo horretan erabakirik hartzeko gai ez zela argudiatuta.
Gorenera iritsi baino lehen, Espainiako Kultura Ministerioak ikerketa bat egin zuen, eta ebatzi zuen ez zela inolako irregulartasunik izan Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatzeko erabakian. Kordobako Udalak helegitea jarri zuen Auzitegi Nazionalean, eta horrek bere burua "ezgai" izendatu ondoren, auzia Gorenera iritsi zen.
Kordobaren helegitea hiru puntutan oinarritzen da: erabakiari egozten dioten "izaera politikoan", "epaimahaiko kide batek Donostiarekin zuen lan harremanean", eta beste hainbat "prozedura akatsetan".
Erabakiaren berri jakin bezain laster, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak "lasaitasun mezu bat" bidali nahi izan die donostiarrei: "Gure zerbitzu juridikoek adierazi digute prentsan ateratakoaren aurrean ez dagoela kezkatzeko arrazoirik". Donostiako Udalak ez du jakinarazpen ofizialik jaso.
Alkateak adierazi du Donostia 2016 bulegoaren zuzendaritzarekin jarri dela harremanetan, eta baita Fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkariekin ere: "Helarazi diedana izan da lanean normaltasun osoz jarraituko dugula, proiektua bizi-bizirik dagoelako". Oposizioko alderdiei ere presazko bilera baterako deia egin die.
"Unea baliatu nahi dut gogorarazteko Donostia 2016 Europa mailako proiektua dela, gure hiriarentzat oso garrantzitsua eta beharrezkoa, eta bere aldeko apustua berrestea zeinen garrantzitsua den Donostiarentzat".