Zinez ekoiztetxeak adierazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Barrura Begiratzeko Leihoak filmaren kopia bat eskatu du. Filmaren emanaldi pribatuak egin zituzten herenegun Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta deliturik izan den ikertzeko eskatu zuen atzo Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak.
Urkijoren ustez, litekeena da emanaldi horiek "terrorismoaren biktimen babeserako legeak urratzea". Donostiako Udala ere delitu baten egile izan daitekeela uste du Urkijok, Zinez ekoiztetxeari Viktoria Eugenia antzokia alokairuan uzteagatik filmaren emanaldirako. Emanaldien aurretik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari haiek eragozteko eskatua zion Urkijok; horretaz gain, emanaldien iragarpenaz ohartarazia zuen Zaragoza, delitu zantzurik ikusiz gero debeka zitzan.
Polemiken gainetik arrakasta
Polemiken gainetik, arrakasta izan du Barrura begiratzeko leihoak filmaren lehen emanaldiak; dokumentalaren atzean dagoen lana eta kalitatea azpimarratu dute ikus-entzuleek. Filma bi aldiz eman zuten herenegun Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ekarpenak egin zituen jendearentzako emanaldi pribatuak izan ziren. Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi zuzendariak ere bertan izan ziren.
Hiru preso eta bi preso ohi dira filmeko protagonistak. Haien kasuak kontatzen dira banan-banan, haien eta haiengandik gertu daudenen bizitzak eta esperientziak jasoz, kartzelaldiaren giza drama kontatzeko ahaleginean, baina umoreari eta samurtasunari tarte handia eskainiz; motibazio ideologikoak eta iritzi politikoak, berriz, apenas agertu ere egiten diren. Atal bakoitzak zuzendari bat du, eta guztiak Titika Rekaltek off-eko ahotsez irakurritako testu batek lotzen ditu. Testuak gatazkaren berri ematen du, datu objektiboetan oinarrituta batik bat.