RAW Research Action Workshop forumak eman dio hasiera Avignongo Foroari. Lan jardunaldi horretan 65 lagun ari dira parte hartzen, guztiak kulturaren eta sormenaren alorretan lan egiten dutenak. Jardunaldiaren helburua ekosistema kultural hobe bat lortzeko baldintzak zehaztea, tokiko kulturaren funtzionamendua hobetzeko beharrezkoak dituen baliabideak aurkeztea eta Bilbon egiten den kultura ikusgai izateko hobekuntzak proposatzea da.
Avignongo Foroak kultura eta ekonomiaren arteko loturak lantzea izan du helburua 2008an sortu zenetik, baita herritarrengan duten eragina azpimarratzea ere. Aurten, aurreneko aldiz, Avignondik atera, eta Essenera (Alemania) nahiz Bilbora eraman dute topaketa. Essengo jardunaldiak iazko ekainean egin ziren, Kultura giltza da gaiarekin, eta Avignonen azaroan elkartu ziren, Kulturen botereak gaia ardatz zutela.
Larunbata bitartean kultura, hirigintza eta ekonomiaren inguruko aditu ugarik parte hartuko dute Bilboko topaketan. Hauek dira horietako batzuk: Katrin Kakobsdottir Islandiako Hezkuntza, Zientzia eta Kultura ministro ohia, Saskia Sassen soziologoa, Vito Acconci artista eta arkitektoa, Alfonso Santiago Last Tour musika enpresako arduraduna, Gail Lord Chicagoko (AEB) Kultura programako arduraduna eta Guadalupe Etxebarria Donostia 2016ko kultura zuzendaria.