Literatura. Hirudia
Azken arnasa
Zerk ekarri gaitu hona? Galdera izugarria da, dudarik gabe, garaile garenean geure buruari nekez egiten dioguna, baina porrotean orduroko kanpai hotsen moduan agertuko zaiguna, beti tenoreko, beti zaratatsu. Gure literaturan mugarri izan diren une, idazle eta obrak identifikatu, eta haien baitan aldaketaren bat ezarri, aldaketa txiki hark zein eragin izan zezakeen aztertzearren. Non geundekeen erabakitzeko, ordea, komeni non gauden jakitea. Non ote gaude? Sautrela-n behin eta berriz egiten diegu idazle eta idazle munduko lagunei ditxosozko galdera hori, eta beti jasotzen ditugu erantzun lausoak, askotan koldar xamarrak (esan dezadan errespetuz). Duela gutxi eskarmentu handiko poeta bat izan genuen geurean, eta, eredu gisa, nor eta Axular aipatu zigun. Penizilinaren aurreko aroan sentitu nintzen bat-batean, zientziak prentsaurreko erraldoi batean medikuntza oro fartsa bat dela esaten atera izan balitz bezala. Imajina dezagun kaosa, imajina dezagun jendea bazter guztietan korrika, panikoak jota, jainkoari otoitz egiten (ze berriz jainkodun bilakatuko baikinatekeen). Axular, beraz. Non ote gauden galdetu, eta Axular bueltaka. Zaila da halako egoera kafkiarrean ondorio (gaiztorik) ez ateratzea. Zilborra begiratu, eta, ipuinean bezala, hauts bolatxo bat ez aurkitzea, madarikazio baten modukoa. Zer egin dugu gaizki? Zein bidegurutzetan tronpatu ote gara? Kendu iezaiozue euskal literaturari Francoren garaiko krionizazio luzeegia. Kendu ondorengo urteetako aitakeria autonomista guztia: oso ezberdin al ginatekeen? Seguruenik bai. Literatura anglosaxoia hartzen badugu, adibidez, pasa den mendean seguruenik gehien handitu zen literatura alegia, ikusiko dugu gurean Francoren ergelkeria kulturala pairatzen genuen garaian gauza on asko pasatu zela, hain onak, ze, akaso, erabakigarri bilakatu baitziren. Gauza on horien artean aipatu daitezke Faulkner, Hemingway, Steinbeck edo pixka bat aurrerago, Capote edo Kerouac. Alegia, garaian garaiko idazleak izan zituztela, garaiko kezka eta zalantzekin, eta horrek bere garaira lotu zituela, biak uztarri berean: oraina eta literatura, eta handik aurrera orainak egiten zuela literatura, eta literaturak oraina. Geu, beharbada, ezdenbora batean geratu ginen, trenaren atzetik korrika, muntaia-kate bateko makina apurtua bezala, zeinak, pieza bat gaizki eginez gero, den-denak egingo dituen gaizki. Baten batek esango dit, ordea, Franco ez zela osasunez betetako zezen handi bat akabatzera etorri, kukuxuek jandako zakur mehar bat baizik. Sotana kiratsa lehenagokoa duela gure literaturak. Oroitaraziko dit Edgar Allan Poe eta Iparragirre garaikideak direla. Baina espainiarrek, badaezpada ere, Lauaxeta hormara bidali zuten, haren sabela berunez bete zuten gero, eta, azkenik, bere ahotsa lurperatu zuten. Bazekiten zer egiten zuten. Beraz, galderak egiten hasi orduko, eta gure literatura zer bilakatu zen ikusita, nik ez nuke Unai Elorriaga Ixiar Rozasengatik aldatuko, nik, behingoagatik, Franco akabatuko nuke. Berpiztu, eta burukia ahoan jarrita, poliki, zeremoniatsu, patxadaz, unea ongi dastatuz, generalari azken hatsa kenduko nioke. Eta badut errezeloa, horrek gure literatura errotik aldatuko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu