KOMUNIKAZIOA

Azken egunak Xaloa Telebista diruz laguntzeko

50.000 euro behar dituzte Iruñerrian euskara hutsezko telebista abiatzeko, eta lau egunen faltan, 37.340 euro bildu dituzte.

Urtarrilean hasiko dute denboraldi berria Xaloa telebistan. Irudian, telebistako langileak. XALOA
2014ko abenduaren 19a
11:45
Entzun

Xaloa Telebista 1997an hasi zen emititzen Baztan-Bertizarana-Malerrekan. Sorreratik bertatik, helburu nagusi batek bultzatu du haren jarduna: "Euskarazko telebista zerbitzu hurbila emateko helburua eta gogoa".

Euskararen erabilpena normalizatzeko sortu zen Xaloa Kultur Elkartea. Horretarako, euskara hutsez emititzen dute, euskararen estima soziala berreskuratzeko eta euskaraz hitz egiteko ohiturak indartzeko. Horrez gain, "eskualdeko garapen integralaren aldeko apustua" egin dute, bertako herritar, talde eta erakundeei lagunduz.

Nafarroako Gobernuak 2013an LTD kanalen esleipena egin zuenean, Xaloaren proiektua garatu eta euskararen normalizazioan laguntzeko "jauzi kualitatiboa" egiteko aukera ikusi zuten. Horregatik, lehiaketara aurkeztu eta eskuratu egin zuten Iruñerrian emititzeko lizentzia.

Lizentzia izatea "pozgarria" izateaz gain, "kezka iturri" ere badela diote: "Telebista medio garestia da, eta martxan jartzeko inbertsio handi samarrak eskatzen ditu: seinale digitala igortzeko multiplex delakoa, errepikagailuak, azpiegitura tekniko horren guztiaren mantenua...". Horiek finantzatzeko kanpaina abiatu zuten, eta 50.000 euro behar dituzte. Diru bilketa hasi zuten horretarako, eta lau egun falta dira epea ixteko.

Diru horrekin bi emisio zentro jarriko dituzte, Elo eta Ezkaba mendietan, Iruñerria osora ondo iritsi ahal izateko. Ordainketa horren zati bat egina dute jada, lanak aurreratzen joateko, baina ohartarazi dute kopuru osoa lortu ezean ezinezkoa izango zaiela Iruñerriko euskara hutsezko telebista martxan jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.