Azkena Rock, krisiari aurre egiteko urtean

Gasteizko rock jaialdia hilaren 14tik 16ra egingo da, eta antolatzaileek 44.000 lagun espero dituzte

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren eraginpean egingo da Azkena Rock jaialdia datorren astean, ostegunetik larunbatera, ohi bezala, Gasteizen. Alfonso Santiago festibalaren zuzendariak aitortu du egoera ekonomikoak eragina izan duela Azkena Rocken antolaketan, talde gutxiago daudelako biran, eta zailagoa bihurtu delako AEBetako taldeak lotzea jaialdirako.

Hain zuzen ere, hasieran, Black Sabbath taldeak jo behar zuen Azkena Rocken, baina Tony Iommi gitarristaren osasun arazoak direla eta, rock gogorraren ikono hori kendu egin behar izan dute programaziotik. Santiagok adierazi duenez, «maila bereko» beste talderen bat ekartzeko zailtasunak ikusita, azkenean Black Sabbath-en oinordeko natural batek hartuko du Paranoid-en egileen lekua; izan ere, Ozzy Osbourne ariko da jaialdian —Ozzy & Friends izenarekin—, Black Sabbathen kantuekin. Antolatzaileek 44.000 lagun espero dituzte aurten, iaz baino 10.000 gutxiago. Nolanahi ere, 2011n jaialdiakren 10. urtemuga ospatu zuten, eta ohi baino ekintza gehiago antolatu zituzten.

Talde beteranoak

Azkena Rocken aurtengo ekitaldian, talde beteranoak izango dira protagonista, bide luzea egin dutenak. Ostegunean, Twisted Sister, Blue Oyster Cult eta Status Quo izango dira kartelburuak; ostiralean, Ozzy Osbourne & Friends; eta, larunbatean, azkenik, Lynyrd Skynyrd, southern rock-aren talde klasikoa. Haiekin batera, rockarenaldaera ezberdinak jorratzen dituzten artistak izango dira jaialdian: The Mars Volta, My Morning Jacket, Pentagram, Black Label Society, M. Ward, Rich Robinson Band, Danko Jones, The Screaming Tribesmen, The Darkness, Hank 3... eta baita euskal ordezkaritza ere: Lisabö, Willis Drummond, Porco Bravo...

Juanma Bajo Ulloak Azkena Rocki buruzko dokumental bat grabatu zuen iaz, eta irail-urrian aurkeztu nahi dute. Ingelesez estreinatuko dute filma, gaztelaniazko azpidatziekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.