09:15ean heldu da Justizia Lurralde Auzitegira, 09:30ean baitzuen hitzordua. Auzitegi atarian, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, adierazpen askatasunaren aldeko afixak zeramatzatela. Han izan da Maider Beloki Iruñeko Kultura zinegotzia, "sortzaile guztien adierazpen askatasuna babesteko".
Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertzen ari da Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegia. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu zuen epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain.
Azkonak berak nabarmendu duenez, hala ere, bere asmoa ez zen inor iraintzea. "Hasieratik iragarri nuen nire obrak kritika zuela helburu, eta era horretan egitea erabaki nuen banekielako erreakzioak eragingo zituela", azaldu du artistak. Hala, adierazi du "normal" erantzun dituela epailearen galderak, eta "logikoena" kasua artxibatzea litzatekeela, "baina ikusiko dugu".
Sagaratutako 242 ostia erabilita, Pederasta hitza idatzi zuen, eta lana Desenterrados erakusketan jarri du (Lurpetik ateratakoak), Iruñeko Serapio Esparza plazan. Piezak hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.
Iruñeko eta Madrilgo hainbat mezatan bildutako ostiekin egindako lana zen, eta erakusketak "erlijio sentimenduen aurkako delitua" egiten zuen jakiteko, txostena bidali zion Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak fiskalari.
Azkonaren lana gaitzesteko, bilkurak egin zituzten, eta artistaren lanak sortutako erreakzioaren kontra ere egin zuten mobilizazio bat.