Zerbitzu tradizionalak eskaintzen zituen liburutegi bat zen orain arte, eta liburutegi garaikide bat izango da aurrerantzean Bilboko Azkuna zentroko mediateka. Esaldi horrekin laburbildu dute eraikinaren transformazio prozesua zentroko eta mediatekako arduradunek. Hamar urte beteko ditu aurten espazioak martxan, eta milioi erdi pertsona baino gehiago jasotzen ditu urtean. Hain zuzen ere, erabiltzaile horien joerak eta ohiturak aztertzen eman dituzte azken bi urteak, eta, neurri handi batean, behaketa horri erantzuteko egin dituzte moldaketak. Nortasun propio bat eman diote eraikinak dituen hiru solairuetako bakoitzari, gaika berrantolatu dituzte materialak, eta hainbat gune berri ere sortu dituzte: ikus-entzunezkoentzako proiekzio gela txiki bat, eta erakusketa gune bat, kasurako.
Solairuz solairu, zaratatik isiltasunera
Solairuz solairu egin du eraikinaren deskribapena Alasne Martin mediatekako zuzendariak, eta zarata maila bat zehaztu dio haietako bakoitzari. Zaratatik hasi, eta pixkanaka isiltasunerantz joango da eraikina, haren hitzetan.
Zehaztu duenez, bisitari guztiei harrera egingo dien lehen solairua izango da zaratatsuena. Han egongo da erabiltzaileak gidatuko dituen informazio gunea, eta baita ume eta gazteentzako literaturari eskainitako espazioa ere. Bigarren solairua, «xuxurlen solairua» izango dela zehaztu du arduradunak, eta bertan kokatuko dira mahai jokoentzako eta bideo jokoentzako gunea, ikus-entzunezkoentzako aretoa, zein komikiei eskainitako espazioa, besteak beste. Hirugarren solairua izango da isiltasunarena. Bertan, literaturari eskainitako apalak egongo dira, eta baita ikasteko mahaien multzorik handiena ere.
Martinek zehaztu duenez, lehen ematen ziren zerbitzuak ez dira desagertuko, moldatu baizik. «Ohiko zerbitzu tradiziozkoak mantendu egingo dira, eta hirugarren solairua egongo da horretarako, baina lehenengo solairuan eta bigarren solairuan bestelako liburutegi bat izango da». Liburuen maileguez gainera, hitzaldiak, bilkurak, film proiekzioak eta zuzeneko emanaldiak antolatzeko aukera ere egongo dela iragarri du mediatekako arduradunak, eta ekintza programa hori Azkuna zentroak bultzatutako egitasmoekin eta bateko zein besteko elkarteekin osatzeko asmoa dute.
Mediatekaren misioa
«Gizartea kulturarekin konektatzea» da Azkuna zentroaren misioa, Fernando Perez zentroko zuzendariaren hitzetan, eta, azaldu duenez, Mediateka da horretarako daukan «zutabe nagusietako bat». Horregatik, haren ustez, mediatekatik harago helduko da eraldaketaren eragina ere. «Proiektu honek esan nahi du espazio bat eraldatzea, eta, Azkuna zentrorako ez ezik, Bilborako ere erreferentziazkoa den zentro bat XXI. mendeko liburutegi bihurtzea».
Erabiltzaileen joerak aztertzeaz gainera, proiektuari buruzko iritzi truke bat ere abiatu dute arduradunek mediatekako langile guztiekin, eta kulturgintzaren inguruko eta liburutegien sektoreko 40 profesional inguru bildu dituen iritzi trukerako prozesu bat ere izan dute martxan bi urtez. Prozesu horren guztiaren emaitza da eraikinaren eraldaketa, eta egindako lanarekin «oso pozik» geratu direla jakinarazi dute arduradunek.
Proiektua azaltzeko bideo bat ere zabaldu dute aurkezpenean. Gazteleraz soilik mintzo dira Perez eta Martin, eta euskaraz datoz azpitituluak. Arduradunek onartu dute, bideoak ez duela hizkuntza aniztasuna behar lukeen bezala errespetatzen, eta kontuan izango dutela esan dute.
Irekiera partziala
Astelehenean irekiko ditu ateak gune berrituak, baina ez erabat oraindik. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, urratsez urrats doa Azkuna zentroa lehengo martxa berreskuratzen, eta berdin gertatzen da mediatekaren kasuan ere. Hemendik gutxira ikusi nahi lukete arduradunek osorik zabalik, baina ez dute datarik zehaztu. Bisita gidatuak antolatuko dituzte, halere, proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi dituztenentzat.