Goizean ateak ireki ostean, arratsaldean ofizialki inauguratu dute Durangoko 49. Azoka. Bertan hartu du hitza Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburuak, eta gobernuaren azokarekiko konpromisoa nabarmendu du. Azokaren "estrategikotasuna" azpimarratu du, besteak beste "gazteak euskarara hurbiltzeko ekimena" delakoan.
Durangoko azokarekin batera, Euskal Denda antolatu du hemeretzigarren aldiz Arbaso artisauen elkarte nazionalak, Durangoko merkatu plazan (Bizkaia). Artisautza laguntzen dutenei Artetsu saria eman die. Aurten, BERRIAz gain, Lurbe Zeramika, Sondikako Udala, Aranzadi eta Korrika saritu ditu.
Artetsu saria eman diote BERRIAri http://t.co/vHxeqDkZrp#azoka49pic.twitter.com/fsqdQxwDPK
— Berria.eus (@berria) December 5, 2014
Okzitania herrialde gonbidatu duela, Argizaiola saria Anuntxi Aranari ematea erabakita eta Gogoetaren Plaza estreinatzeko asmoarekin, ikuspegi baikorrez jarri da gaur abian Durangoko Azokaren aurtengo ekitaldia:
Hasi da 49. Durangoko Azoka. #azoka49#KulturarenPlaza#dazokathttp://t.co/zK0QmASbev
— Durangoko Azoka (@durangokoazoka) December 5, 2014
Ateak ireki aurretik, gaztetxo ugari zain zeuden atean. Ikasle Eguna da gaur, eta Euskal Herri osoko 36 ikastetxetako ikasleak bildu dira azokan. Gune bakoitzean haientzako bereziki prestatutako jardueretan parte hartzen ari dira goizetik. Bideoa: ate irekiera (Iñigo Astiz, BERRIA):
[youtube]http://youtu.be/sAowQZswGL0?list=UU2hbw0O8Z6v0KHjVcT0XfsQ[/youtube]
Ahotseneak aurten karpa bakarra izan beharrean bi izateak gune horrek duen harrera ona islatzen du, eta gainerako guneek ere askotariko ekitaldiak prestatu dituzte gaurtik abenduaren 8ra bitarte. Iaz ehun mila bisitari izan zituen Durangoko Azokak, eta pentsatzekoa da aurten ez dutela zertan gutxiago izan.
Gogoetaren Plazak «kulturgintzaren kezka eta erronkei» buruz gogoeta bultzatu nahi du, hiru egunez, abenduaren 6tik 8ra, elkarrizketa, solasaldi eta mahai inguruen bidez, euskal kulturaren munduko hemezortzi sortzaile eta eragile ezagunen parte hartzearekin: Fermin Muguruza, Anari, Bernardo Atxaga, Joxe Mari Sors, Lorea Agirre, Mikel Martinez, Laura Mintegi, Xabier Gantzarain, Mursego, Joxean Muñoz, Gotzon Barandiaran, Xabi Paya, Gorka Urbizu, Maialen Lujanbio, Niko Etxart, Jon Sarasua, Ander Lipus eta Mari Jose Olaziregi. Egun bakoitzean gai nagusi bat izango da ekitaldien ardatza: hizkuntzaren hautua abenduaren 6an, sostengu ekonomikoa abenduaren 7an, kultur transmisioa abenduaren 8an.
Duela sei urte sortu zen Ahotsenea, 2008an, eta zazpigarren ekitaldia izango du aurtengoa. Durangoko Azokaren gune ezinbestekoa bihurtu da jada. Zuzeneko musika emanaldiak eta bestelako aurkezpen solasaldiak karpa bakarrean txandaka aterpetu beharrean, aurten bi karpa izango ditu Ahotseneak, zuzeneko emanaldietarako bata —bi agertokirekin, taldeak txandaka aritu ahal izateko— eta aurkezpen solasaldietarako bestea. Gunearen arrakastak bultzatu eta behartu du aldaketa hori. Izena emateko deialdia zabaldu eta berehala bete zuten egitaraua Ahotsenean parte hartu nahi zuten sortzaileek.
Okzitanierari begira
Gogoetaren Plazako ekitaldiez gain, bestelako gai askoren inguruko aurkezpenak eta solasaldiak ere izango dira, egunero, areto nagusian. Horietako batzuetan aurtengo herrialde gonbidatuak izango du protagonismoa: Okzitaniak. Inaugurazio ekitaldian, L'Occitanie, plus qu'un pays, un horizon cosmopolite (Okzitania, herrialde bat baino gehiago, etorkizun kosmopolita bat) hitzaldia egin du Sergi Javaloyes okzitanierazko idazle, Akitaniako Kontseiluko kide eta Okzitaniera Institutuko presidente ohiak. Ondorengo egunetan ere izango dira okzitanierari eta okzitanierazko literaturari buruzko mahai inguruak.
Ipar Euskal Herriaren ondoan, Frantziako hegoaldeko parte handi bat hartzen du Okzitaniak, Atlantikoaren itsasertzetik Mediterraneoraino eta are Italiako mugaraino, 190.000 kilometro koadro inguru guztira eta 15,5 milioi inguru bizilagun. Ez du hiriburu zehatzik, baina bere barruan hartzen dituen hirien artean Bordele, Tolosa eta Niza daude. Bertako hizkuntza, okzitaniera, oso urritua dago egun. Hainbat dialekto ditu, aski ezberdinak elkarrekin alderatuz gero: biarnesa, gaskoia, proventzera, aranera... Dialekto horietatik guztietatik, bakarra da ofiziala: aranera, Aran ibarrean. Frantziatik kanpo, Espainiako Estatuaren mugen barruan.
Gaur egun okzitanierazko literatura ez dago inondik ere egoera inbidiagarrian, baina iragan aberatsa du. Okzitaniera da, besteak beste, Literatura Nobel saria irabazi duen hizkuntza urritu bakarra. 1904an eman zion ohore hori Frederic Mistral idazleak, Mireio obra ezagunaren egileak. Jatorrizko bertsioan, Proventzako okzitanieraz, 1859an argitaratutako hamabi kantuko poema narratibo hori euskarara itzulita argitaratu zuen Nikolas Ormaetxea Orixe-k 1930ean, Bilboko Verdes-Atxirika inprentaren eskutik.
Mistralek okzitanieraz idatziz irabazitako Nobel saria itxaropenerako izar gidari izan zuten Jose Ariztimuño Aitzol-ek eta Orixek, eta Aitzolek Orixeri Euskaldunak poema idazteko enkargua egin zionean ere itxaropen horrek bazuen indarrik eta itzalik. 36ko gerrak zapuztu zituen itxaropen haiek guztiak; 22 urte lehenago, 1914an, Lehen Mundu Gerrak okzitanierazko idazleen ametsak zapuztu zituen bezala.
Mistralen garaia baino mende batzuk lehenago ere beste urrezko aro bat izana zuen okzitanierazko literaturak, trobadoreen garaian. Gaur egun, aldiz, ofizialtasunik gabe, Frantziako Gobernuaren babesik gabe eta hizkuntza urrituen aurkako aurreiritzien ondorioz gutxietsia, premia larrian da, adore handiko idazle eta ekintzaileen bultzada suharra duela hazkurri nagusi.