DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Azoka gaur itxiko dute ekitaldi «uste baino hobe» baten ondoren

Balantzearen berri emango du Gerediagak, Landako eta Ahotsenean azken bisitariak hartzearekin bat

Irune Berro Urrizelki.
Durango
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Gaur izango du azken eguna Durangoko 45. Azokak. 20:00etan ateak itxi artean egun «oparoa» izatea espero dute antolatzaileek eta mahaien atzean lanean dabiltzanek. Uste dute azken eguna izateagatik, ez dela zertan jende emaria gutxitu. Izan ere, azokaren jarduna handituz joan da egunen joan-etorrian. Gaur emango du ekitaldiaren balantzearen berri Gerediaga elkarteak. Edonola ere, Jon Irazabal zuzendariaren berbak entzun aurretik beldur barik baiezta daiteke espero baino hobeto joan dela azoka.

Halaxe dio, behinik behin, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Ubane Uzinek. «Beldur handiz etorri ginen, eta uste baino hobeto joan da».

Larunbata bizi joan zen eta astelehenean jo zuen goia azokak. Atzo ez zen egun motela izan, inondik inora. Lehen ordutik bertatik izan zen bisitari oldea Landakon, eta bereziki, Ahotsenean.Ken Zazpik emanaldia egin zuen arrats hasieran, eta lepo bete zuten sortzaileek sortzaileentzako atondutako gunea. Aurrez, Maialen Lujanbiok ere jendetza erakarri zuen Ornitorrinkus lanarekin goizean, eta Hau koaderno bat zen liburuarekin arratsaldean. Susaren mahaian, Koldo Izagirrek egin zuen agerraldia, eta Autopsiaren frogak izenpetu zituen. Gatibuko Alex Sardui eta Gaizka Salazarrek ere Zuzenean bizitzeko gogoa DVDa eta diskoa saldu zituzten Baga-Bigan. Alboka doinuek Ahotseneatik Landako barrura egin zuten, kalejiran. Ibon Koteronek, Xabier Vallek eta Ruben Isasik Alboka 2.1 aurkeztu zuten, eta segidan, Leonen Orroen salmahaira abiatu ziren zenbait lagun atzetik zituztela.

Azoka eta utopiak

Asel Luzarraga ere izan zen Txalapartan, eta Utopiaren itzalak liburuan idatzitako eskaintzen bidez, azken hileotan jasotako elkartasuna eta maitasuna eskertu zituen, utopien inguruko gogoeta bat edo beste ere idatziz.

Igandean ere izan zen Durangon. Azoka «normaltasunez» bizitzen ari dela dio, «zirkulu txikietan baino ez naizelako ezaguna», baina «anekdota politak» izan ditu. «Txileko emakume batek lagun batentzat erosi zuen liburua, euskaraz ez zekielako. Txilen zer giro dagoen galdetu, eta zortea opa zidan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.