Durangoko azoka

Azoka, hirirantz

Iazko zazpi guneei eutsi die Durangoko Azokak, baina Ahotsenea eta Irudienea lekuz aldatuko dituzte, azoka hiriarekin uztartzeko asmoz. Bideoa: aurkezpena, gaur (BerriaTB). [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1955/[/berriatb]

Inigo Astiz
2013ko azaroaren 14a
16:31
Entzun

Familia argazkia izan da gaurkoa. Durangoko Azoka osatzen duten zazpi guneetako arduradunak elkartu dituzte antolatzaileek Durangoko Zugaza zinema aretoan (Bizkaia). Eta ez da debaldeko keinua izan. Mezu bikoitza irudikatu nahi izan dute antolatzaileek. Batetik, esan nahi izan dute, ekonomiak estu hartu dituela onarturik ere, orain arteko gune guztiei eusteko apustua egin dutela. Eta, bestetik, irudikatu dute aurten azoka hirira zabalduko dela. Durangoko Azoka, Azoka hiri bilakatzeko asmoari eusten diotela. Eta horregatik hautatu dute argazkia ateratzeko gunea: Zugaza zinema, azoka ohiko gunetik hiri gunera ere zabaltzeko asmoa dutela adierazteko. Izan ere, bertan egongo da ikusentzunezko lanei eskainitako Irudienea gunea.

Aldaketa gehiago ere izan da. Kulturaren plaza izango da aurtengo edizioaren leloa, eta berdina izango da egitura orokorra. Zazpi guneek osatuko dute azoka bakarra. Areto Nagusiak (argitaletxeen postuekin), Ahotseneak (sortzaileen emanaldiekin), Kabi@ (mundu digitalari begira egindako hitzaldi eta tailerrekin), Irudienea (ikusentzunezko alorrari buruzko saioekin), Plateruena (kontzertu emanaldiekin), Saguganbara (txiki eta handien plaza) eta Szenatokia (arte eszenikoen plaza). Baina guneak berdinak izanik ere, mapa da aldatuko dena.

Leku aldaketak guneetan
Mugitu egingo dituzte aurten Irudienea eta Ahotsenea guneak. Azoka gunea hiri gunetik bereizten zuen trenbide puska lur pera eraman dute, eta horrek erraztu du aldaketa. Eta aukera hori baliatu dute Ahotsenea Landako gunearen atzealrdera eramateko, eta Irudienea hiriko zinema aretora eramateko. Arrate Illaro Irudieneako koordinatzaileak azaldu duenez, “erronka” bat izango haientzako leku aldatzea, baina azokarako eskaintza “oparoa” izango dutela ere zehaztu du.

Egitarau osorik ez dute eman, baina aurreratu dituzte egitarau orokorraren zertzelada batzuk. Musika emanaldiak, adibidez. Besteak beste, EH Sukarra, Mursego, Urtz, Kauta taldeen zuzenekoak aipatu dituzte. Eta Loreak errepidean filmaren aurrerapena ere eskainiko dutela adierazi du Barrutiak.

Azoka txiki gelditu zaie
Ahotsenea gunearen arrakasta nabarmendu dute antolatzaileek. Aurkezpenak eta emanaldiak egiteko aukera zabaldu eta bi egunetan bete ziren tarte guztiak. Horregatik Plateruena Kafe Antzokira eraman dituzte saio horietariko batzuk, eguneko ordutegira. “Poza” eta “Bihotz-mina” aipatu ditu Gotzon Barandiaran Ahotseneako koordinatzaileak. Poza, sortzaileek guneak egiten duen eskaintzari oso harrera ona egin diotelako; eta bihozmina, kanpoan inor uzteko asmorik ez zutelako. “Hurrengo urtean ez genuke nahi halakorik gertatzerik”.

Onartu du zailtasuna Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Azokako lau egunek ez dutela ematen egun sortzen den guztia hartzeko. Baina horri nola erantzun asmatzea da koska. Izan ere, egun bizi duten egoera estua dela azaldu du Gerediagako kideak. “Inoiz baino gehiago estutu dugu gerrikoa aurten”. Zenbaki zehatzik ez du eman, baina adierazi duenez, oraindik ere babesle gehiagoren bila dabiltza, eta datorren astean egingo du balantze ekonomiko osoa. Baina azokaren aldeko apustua egiteko beharraz aritu da. "Ekimen handia da, eta laguntza handia behar du".

Ikasleen eguna ere berreskuratu dute, bestalde aurtengo azokarako, eta haren arrakasta nabarmendu du Barrutiak. “40 ikastetxetik gora apuntatu dira, eta  azkenean zozkeata bidez 22 ikastetxeri esan diegu baietz”. Hala, 950 ikasle izango dira Durangoko Azokan abenduaren 5ean. Lehen egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.