Emeki baina seguru hasi da Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Eguzkiak alfonbra gorria jarri zien autoan zein oinez pasieran atzo iritsi ziren lehen bisitariei. Trenak ere mukuru heldu ziren herriko geltokira. Azoka barrenean, ordea, nobedadeak eta aspaldikoak lasai begiratzeko eta eskuratzeko eguna izan zen. Jendea bai, baina neurrian. Ez zen pilaketarik izan, baina ezta hutsune hotz nabarmenik ere. Larunbataz hasteak astegun buruzuri batek baino bizitasun handiagoa eman zion azokari, eta jendearen «emari etengabeak» antolatzaileen beldur eta kezkak uxatu zituen. «Arratsaldez jende gehiago etorriko da», zioen uste osoz Jon Irazabal azokako zuzendariak, ateak ireki eta ordubetera. Zuzen zebilen. Arrats erdian jo zuen goia Landakok.
Azokak joan den urteetako bide antzeratsua egitea espero du Irazabalek. Anjel Valdes Elkarreko editorea ez zen pronostiko bat egitera ausartu. «Asteazkenean ikusiko dugu nola joan den». Orduan egingo dute balantzea.
Eguerdi partean, inaugurazio ekitaldia iritsi aurretik ere, aurpegirik instituzionalena erakutsi zuen azokak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia Alberdaniaren salmahaian izan zen, memoria politikoa eginez oraintsu kaleratutako Geroa gurea da liburuaren aleak sinatzen. Azokaren irekiera ekitaldira joatekoak ziren Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Josune Ariztondo Kultura diputatua, baina Alberdaniatik igaro ziren aurrena, atzetik jarraika kazetari saldoa zutela. Ibarretxe mahaitik atera egin zen agurtzera, eta taldeko argazkia atera zuten.
Bilbao eta Ariztondo ez ziren izan Ibarretxe agurtu zuten bakarrak. Aurrez, Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia izana zen Alberdaniarenmahaian. Hizketaldi labur baten ondotik, «suerte, Juan Jose», esanez agurtu zuen. Bilbao, Ariztondo eta Ibarretxeren argazki sesioaren ondorioz korridorea zertxobait itxi zen. Jende multzoa inguratu zen. «Nor da hor aitatxo? Nortzuk daude, Pirritx eta Porrotx?», galdetu zion motots ilehoridun neskatila batek eskutik oratzen zuen aitari.
Ez. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek handik ordu erdira egin zuten agerraldia. Eta ordurako zain zeuzkaten hainbat ume, aurkezpenentzat azoka barruan atondutako aretoan eta handik kanpora ere. Irrien Lagunak Kluba aurkeztu zuten arrakasta handiz, eta, ohikoa dutenez, marrubizko, txokolatezko eta hamaika zaporeko musuak banatzearekin bat, argazkiak atera zituzten hala eskatu zieten guzti-guztiekin.
Eguerdian hasi zen inaugurazio ekitaldia, Elkartegian. Bilbao eta Ariztondori Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Gipuzkoako Kultura diputatu Maria Jesus Aranburu batu zitzaizkien. Baita Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuorde Lourdes Auzmedi ere. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak aurkeztuta, Aitziber Idigoras Durangoko alkateak hartu zuen hitza. Gerediaga elkartearen «lan isil eta apala» laudatu zuen, eta krisiak gogor astindu arren ere, udalak inoiz babesgabe utziko ez dituela agindu zien. «Zein amak uzten ditu jan barik bere seme-alabak?».
Auzmendik azoka egunetan argitaletxe eta diskoetxeek egiten dituzten lorpenak txalotu zituen. «Baina badakigu bost egun oparo hauetan Durangon izaten den argazkia ez dela urte osoko argazkia». Alegia, oasi txikia dela Durango. Jaurlaritzak euskal kulturaren alde lanean segituko duela baieztatu zuen Auzmendik.
Alabaina, Bilbaok ez zuen protokolozko hitzik izan Auzmendirentzat, haren ondoan jesartzea egokitu zitzaion arren. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politika gogotik kritikatu zuen, bezperan Joan Mari Torrealdairi Lauaxeta saria emateko ekitaldian emandako hitzaldia bere hartan errepikatuz, hitzez hitz, Victor Hugoren euskal hizkuntzari buruzko aipu batekin hasi eta Barandiaranen Izan zirelako gara eta garelako izango dira-rekin buka.
Erotismoa da azokaren gai nagusia aurten, Joxe Mari Carrere ipuin kontalariak ondoren gogoratu zuenez. Maitasunaren arbola ipuinarekin, Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkarien artean sortutako giro beroari bestelako berotasuna ematen saiatu zen. Erotismoa zer den eta nola sortu zen azaltzeko xedez, hainbat herritara egin zuen jauzi, bateko eta besteko istorioak asmatuz, umorera joz eta aretoan zeudenen artean barrea leherraraziz.
Idazle eta musikari ugari
Nolanahi den, sortzaileen azoka da Durango oroz gain, musikari eta idazleena. Eta haietako askok ez zuten hutsik egin. Lehen egunetik bertatik izan ziren salmahaiaren barrualdean, lanak atontzen, batari eskaintza eta sinadura idazten, eta hurrenari kobratzen. Kepa Junkerak Etxea-Kalea-Herria trilogiako diskoak izenpetu zituen, batik bat, eta Ines Osinagak Goseren disko arrosan idatzi zituen hitz bero ederrak.
Handik mahai bitara, Su Ta Garreko Xabi Bastida ari zen diskoak saltzen. Ken Zazpikoek ere egin zuten osteratxoa, eta berehala bete zen Elkarren mahai buelta nerabez eta horiek baino gaztetxoagoak gobernatu nahian zebiltzan gurasoez. Gatibukoak izan ziren Baga-Bigan, eta Zea Maysekoak, Bonberenea Ekintzetan.
Idazleen Durango ere bada, eta lehen jardunaldian, Jon Arretxek goiza eman zuen Ereinen, 7 kolore bidaia liburuaren berrargitalpena -ilustrazioez eta musikaz osatua-salduz. Gotzon Barandiaranek Susan igaro zuen eguna beharrean, tarteka Errotik nobela berriko aleak sinatuz. Fermin Etxegoienek horrenbeste goraipatutako Autokarabana saldu zuen Pamielan. Argitaletxe horren txokoan zen Pello Elzaburu editorea. Arratsalde hasieran bolbora bezala zabaldu zen azokan Xabier Leteren osasun egoera larriaren inguruko albistea. Eta Pamielan telefonoak noiz joko zain zeuden, idazle eta musikariari buruzko berriren bat izango balitz. Kezka nabarmena zen azokako zuzendari Jon Irazabal eta Gerediagako lehendakari Nerea Mujikaren aldartean ere.
Azokaren ateak itxitakoan, Argizaiola eman zioten Imanol Urbietari, San Agustin kulturgunean eginiko ekitaldi hunkigarrian. Gaur, igandearekin, egun bizia izatea espero dute antolatzaileek. Ahotsenean ere ekitaldi ugari izango dira gaurtik asteazkenera.
DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Azokaren beroan
Jende pilaketa barik, baina bizi eta polit hasi da, eta «etengabeko jende emariak» antolatzaileen beldurrak uxatu ditu. Aurpegirik instituzionalena erakutsi zuen atzo, agintari andanaren bisitarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu