Durangoko azoka

Azokaren parte bilakatu nahi dute hiria

Zazpi guneei eutsi die Durangoko Azokak, eta hirira hurbiltzeko lekuz aldatu ditu Ahotsenea eta Irudienea. Bideoa: aurkezpena (BerriaTB). [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1955/[/Berriatb]

2013ko azaroaren 15a
12:48
Entzun

Familia argazki bat izan zen atzokoa. Horregatik elkartu zituzten Durangoko Zugaza zinema aretoan (Bizkaia) abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azokaren parte diren zazpi guneetako kideak. Ez zen debaldeko keinu bat. Mezu bikoitza irudikatu nahi izan zuten antolatzaileek argazki horrekin. Batetik, esan nahi izan zuten orain arteko gune guztiei eusteko apustua egin dutela, baita ekonomiak estu hartu dituen arren ere. Eta, bestetik, irudikatu nahi izan zuten aurten azoka hirira zabalduko dela. Horregatik hautatu zuten argazkia ateratzeko gune hori: Zugaza zinema. Azoka Landako gunetik hirigunera ere zabaltzeko asmoa dutela adierazteko. Izan ere, han izango da aurten ikus-entzunezko lanei eskainitako Irudienea gunea. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak laburbildu zuen asmo orokorra: "Sekula baino hedatuago egongo da azoka".

Kulturaren plaza izango da aurtengo edizioaren leloa. Eta guneka antolatuta egon arren, plaza horren batasuna nabarmendu zuen Mujikak. "Gune guztiak dira plaza beraren parte, Durangoko azokaren osagai". Iazko egitura bera izango du. Zazpi gune, baina azoka bakarra. Areto Nagusian izango dira postuak; Ahotsenean sortzaileen emanaldi eta hitzaldiak; Kabi@-n mundu digitalari buruzko jarduera eta tailerrak; ikus-entzunezkoen proiekzioak Irudienean; zuzeneko emanaldiak Plateruena kafe antzokian; Saguganbara izango da txiki eta handientzako plaza; eta Szenatokiak hartuko ditu arte eszenikoak. Bestalde, azokak telebista ere izango du. Baina guneak berdinak izanik ere, mapa aldatu egingo da. Eta hori da aurtengo nobedade nagusia. "Zabalpenarekin azoka osatu eta aberastu egingo dela pentsatzen dugu".

Ahotsenearen arrakasta

Irudienea eta Ahotsenea mugitu egingo dituzte Landako gunetik. Izan ere, urte luzez, trenbideak eten du azokarako erabilitako gunearen eta Alde Zaharraren arteko lotura. Baina trenbidea lurpera eraman dute orain, eta aukera baliatu dute Gerediaga elkartekoek. Ahotsenea hartzen duen karpa Landako gunearen albotik kendu, eta eraikinaren atzealdera eramango dute. Montevideo kalera. Jendeari Hiriranzko bidea errazteko, nolabait ere. Eta hirira bertara eramango dute Irudienea, Zugaza zinemara. Arrate Illaro Irudieneko koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, "erronka" bat izango da haientzat leku aldaketa, baina azokarako "gogotsu" daudela ere zehaztu zuen. Aproposa dutela lekua. "Bere toki naturalera ekarriko ditugu ikus-entzunezko lanak, eta Landakon genuen gunea baino handiagoa da aretoa".

Egitarau osorik ez zuten eman, baina aurreratu zituzten egitarau orokorraren zertzelada batzuk. Oihane Barrutia Saguganbara guneko arduradunak eman zuen datorrenaren berri. Besteak beste, EH Sukarra, Mursego, Urtz, Kauta taldeen zuzenekoak izango dira Durangon. Loreak errepidean filmaren aurrerapena eskainiko dute Irudienean. Eta Eneritz Artetxeren Konpota antzezlana estreinatu Szenatokia gunean .

Ahotsenea gunearen arrakasta nabarmendu zuten antolatzaileek. Aurkezpenak eta emanaldiak egiteko aukera zabaldu eta bi egunetan bete ziren tarte guztiak. 40 emanaldi inguru, guztira. Eta leku nahikorik ez zegoenez, Plateruena Kafe Antzokira eramango dituzte emanaldietariko batzuk. "Poza" eta "bihotz-mina" aipatu zituen atzo Gotzon Barandiaran Ahotseneako arduradunak. Poza, kultura zale eta sortzaileek guneak egiten duen eskaintzari oso harrera ona egin diotelako; eta bihozmina, kanpoan inor uzteko asmorik ez zutelako. "Hurrengo urtean ez genuke nahi halakorik gertatzerik, ahal izanez gero".

Onartu du zailtasuna Gerediaga elkarteko lehendakariak ere. Azokako lau egunak txiki gelditzen dira sartu nahi luketen guztia sartzeko. Aitortu zuen hori. Baina horri nola erantzun asmatzea da koska. Izan ere, egun bizi duten egoera estua da Mujikaren arabera. "Inoiz baino gehiago estutu dugu gerrikoa aurten". Zenbaki zehatzik ez dago oraingoz, halere, oraindik ere babesle gehiagoren bila dabiltzalako antolatzaileak.

Ikasleen eguna ere berreskuratu dute, bestalde, aurtengo azokarako, eta haren arrakasta nabarmendu zuen Barrutiak. "40 ikastetxek baino gehiagok eman dute izena, eta zozketa bidez 22 ikastetxeri esan diegu baietz". Hala, 950 ikasle izango dira Durangoko Azokan abenduaren 5ean. Lehen egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.