Musika

Babeslekuaren ideia du ardatz Ordorikaren disko berriak

11 kanta bildu ditu Ordorikak 'Guria ostatuan' diskoan, eta, zehaztu duenez, orain arteko lanetan baino presentzia handiagoa hartu dute teklatuek oraingoan.

Ruper Ordorika musikaria kontzetu batean. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2016ko azaroaren 15a
08:22
Entzun

Bazen denbora kantekin bueltaka zebilela, baina udaberrian “urgentzia bat” sentitu zuela aitortu du Ruper Ordorikak. “Sortzen ditut kantak eta halako batean sentitzen dut behar ditudala disko batean atondu”. Eta bultzada horrek sortu du Guria ostatuan diskoa ere (Elkar). 11 kanta bildu ditu musikariak bertan. Gaur aurkeztu du lana Bilbon: tenpo lasaiak, eta Ordorikaren kantagintzan ohikoak diren testurak dira nagusi, baina arrisku batzuk ere hartu dituela aipatu du kantariak aurkezpenean. “Bertigo apur bat beharrezko izaten hasia da”. Single modura hautatu duten Hamar negu jarri du horren adibide. Hor entzun daiteke argien diskoa han hemenka zipriztintzen duen musika beltzaren oihartzuna. “Lan handia egin dut abestien formarekin, eta ertzak borobiltzen aritu naiz”.

[youtube]https://youtu.be/igkInxGlCnA[/youtube]

“Inoiz baino bibrafono gehiago du lan honek, eta inoiz baino teklatu gehiago ere bai”. Hori da nobedadeetariko bat, Ordorikaren hitzetan. New Yorken grabatu du diskoa, Andy Tommasi teknikariarekin. Ohiko bihurtu da hori jada Ordorikaren ibilbidean, eta zehaztu duenez, han grabatutako laugarren diskoa du hau. Bertako musikariekin aritu da oraingoan ere. Jamie Saft aritu da pianoa, Hammond-a eta teklatuekin; Tony Scherr izan da kontrabaxuan eta gitarra elektrikoetan, eta Kenny Wollesen-ek grabatu ditu bateria, bibrafonoa eta perkusioak. Zuzenean egin dituzte grabazioak estudioan, hiru egunetan. Arkaitz Minerrek ere grabat ditu biolin, biola eta mandolina diskorako, baina Euskal Herrian berak, Elkar estudioan. Pozik Ordorika lortutako emaitzarekin: “Kantak ia-ia ukitu egiten dira. Badut inpresioa urrats bat gehiago egin dudala”.

Berez, Oñatiko taberna bati egiten dio erreferentzia diskoaren izenburuak. “Oso ezaguna da inguru hartako eta gure belaunaldiko jendearentzat”, azaldu du. Baina ostatu zehatz hori baino gehiago, ostatu horretan sentitutakoa izan du buruan musikariak izen hori hautatzerakoan. “Hau da babesleku bat denontzako. Denok behar dugun babesleku hori da, eta hori nahi nuen irudikatu”. Eta ostatu horri egiten dio erreferentzia azalak ere. Carmelo Ortiz de Elgea artistaren koadro baten moldaketa da irudia.

Eredu iraunkor bat

Ordorikak idatzitakoak dira abesti gehienen hitzak. Hiru kantatan, ordea, beste idazle batzuei hartu dizkie letrak. Joseba Sarrionandiarenak dira Kontserba fabrikaren aurrean kantako hitzak, Eva Linazasororenak Mare nostrum piezakoak, eta Gary Snyder poeta estatu batuarrarenak Munduko ostatuetan abestikoak. Azken kasu horretan, gainera, idazleen hitzak abestietarako moldatu egin ditu musikariak. “Sekula ez nuen halakorik egin”. Sortzaileen baimena izan du horretarako. eta eskertu egin dio hori musikariak.

Diskoaz harago jarri du begia Angel Valdes Elkar disko etxeko arduradunak. “Disko honek, berez dituen baloreez gain, erakusten du Ruper Ordorikak jarraitzen duela izaten eredu iraunkor bat, sortzen, jaiotzen eta irauten saiatzen diren musikarientzat”.

Kontzertuak

Azaroak 18: Ermuan, antzokian.

Abenduak 3: Soraluzen, zineman.

Abenduak 17: Bilbo, Kafe Antzokian.

Urtarrilak 6: Donostian, Victoria Eugenia antzokian.

Urtarrilak 21: Gasteiz, Jimmy jazz aretoan.

Otsailak 5: Leioan, Kultur Leioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.