Bach-ek baleki

2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

josetxu obregon

Egitaraua: J. S. Bachen Biolontxelorako lehenengo, bigarren eta hirugarren suiteak.Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoa. Eguna: martxoaren 5a.

Espazio murritza den aldetik, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan izaten diren kontzertuek sentsazio anbibalentea uzten didate beti: alde batetik, goxotasuna, erosotasuna eta atsegina batzen dira, guztiz aproposa ganbera-musika eta errezitalak programatzeko; bestetik, eta bertan izaten diren emanaldi bereziei erreparatuz, jende gehiagok horietaz gozatzeko aukera ez izateak ondoeza ere sortzen dit. Hala ere, Josetxu Obregonek eskainitako kontzertua berezienetakoa izaki, goxotasuna esklusibotasun-sentimendu baztertzaileari gailendu zitzaion.

Litekeena da J. S. Bachek bere biolontxelorako suiteak 1717 eta 1723 bitartean idatzi izana, Cothen hirian kapera maisu lanetan zebilela. Jatorrizko eskuizkriburik gorde ez den arren, haren emazte Ana Magadalena Bachek egindako kopia iritsi da gurera, eta, horri esker, konpositoreak irudikatutako interpretaziora hurbiltzeko saiakera zentzuzkoak egin daitezke. Hori da, hain zuzen, Josetxu Obregonen lan lerroa: instrumentu historikoa oinarri, interpretazio historizista garatzea. Biolontxelo barrokoa erabiltzeak eragin nabarmena du bai soinuan, bai fraseatzean; izan ere, tripazko sokek berariazko sonoritatea dute, eta arkuaren formak eta luzerak esaldien norabidea eta irismena baldintzatzen dute. Denera, Obregonek izaera zehatza, eta, aldi berean, sentibera eman zien suiteak osatzen dituzten dantzei. Lehen suitearen irekiera ezaguna eredugarria izan zen alde horretatik, baita bigarrenaren menuetak edo hirugarrenaren Gigue distiratsua ere. Hala, azalpen aberats, egituratu eta didaktikoez gain, kolore ederra eta tinbre borobila zabaldu zituen aretoan.

Gaur egun suite horiek duten fama Pau Casalsi zor diogu, berak ekarri baitzituen argira 1925ean publikoki interpretatu ostean. Geroztik, eta eskatzen duten trebezia teknikoa dela eta, biolontxeloaren errepertorioan proba-harritzat har daitezke. Bach pozik jarriko litzateke, ziur, hiru menderen ondoren ere bere obra gorenera eramateko saiakerek dituzten emaitzak ezagutuko balitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.