Musika

Bachen 'Pasioa San Joanen arabera' eszenaratuko du Arriaga antzokiak

Apirilaren 13an eta 14an egingo dute, Bilbon, mundu osoko estreinaldia. Parisko Theatre du Chatelet eta Bilboko antzokiak elkarrekin ekoitzi dute lana, Calixto Bieitok zuzendu du, Bilboko Orkestra Sinfonikoak joko du musika, eta nazioarteko sei abeslarik eta Bilboko Opera Koruak jarriko dituzte ahotsak.

Bilboko Arriaga antzokian 'Johannes Passion' eskainiko duen lan taldea. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Inigo Astiz
2018ko apirilaren 6a
14:03
Entzun

“Ezagutzen dudan partitutarik ederrenetariko bat da; badaude gustuko ditudan asko, baina hau, ufala, adoratu egiten dut”. Johann Sebastian Bachen musikarekiko lilura azpimarratuz abiatu du Calixto Bieitok Pasioa San Joanen arabera emanaldiaren aurkezpena. Arriaga antzokiko zuzendari izateaz gainera, bera aritu da eszena zuzendari lanetan ere, eta, zehaztu duenez, musika jarri nahi izan du muntatze guztiaren erdigunean. Horregatik esan diote kideek, ekoizpena handia izanik ere, “umil” jokatu duela. Beraz, Bach izango da guztiaren bihotza, eta haren inguruan zabalduko da eszena. Erik Nielsen zuzendariak gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa; Bilboko Opera Korua ere izango da agertokian, eta pertsonaia nagusiak jokatuko dituzten bederatzi abeslari nagusi ere izango dira.

Bilbokoa mundu guztiko estreinaldia izango da, Bieitok nabarmendu duenez. Izan ere, Parisko Theatre du Chatelet antzokiarekin batera ekoitzi du pieza Arriaga antzokiak, baina Bilbon egingo da estreinaldia, eta, horregatik, Alemania eta Erresuma Batuko publikoa bilduko du, zuzendariak aurreratu duenez. “Antzokiaren zuzendaritza hartu nuenean, esan nuen Bilbon beste leku askotan baino lehenago ikusiko zirela, eta asko azpimarratu nuen antzokiaren nazioartekotzea. Gogor egin nuen antzoki hau Europako antzokia izan zedin”. Eta lan ildo horren adibidetzat jarri du datorren asteko estreinaldia.

Apirilaren 13an eta 14an ikusi ahalko da emanaldia Bilbon, eta 30 urtetik beherakoentzako doako entsegu orokorra ere eskainiko dute 11n. Gero, 2019ko ekainean errepikatuko dute emanaldia, Parisen.

Dramaturgiaz atondua

1724an eskaini zuten lehenengoz Bachen pieza, Leipzigen, eta konposatzaileari ezagutzen zaizkion pasioen arteko bi ezagunenetariko bat bilakatu da gaur egun. San Joanek kontatutako Jesusen heriotza eta pizkundea kontatzen du testuak, eta musika harribitxitzat jo dute ikuskizunean parte hartzen duten musikari eta zuzendariek. Berez, Bachek ez zuen pieza antzezteko moduan osatu, baina antzezle ere jarriko dituzte abeslariak Bilboko ikuskizunean. Bettina Auer musikologo eta filologoa arduratu da dramaturgiaz, eta, zehaztu duenez, pisu berezia hartuko du Maria Magdalenak.

Eszena espresuki moldatu dute emanaldirako. Zurezko xafla batzuk baliatu ditu lan taldean agertokiaren soinua indartzeko. Akustikaren bikaintasuna nabarmendu du horregatik lantaldeak, eta erlijio hizkuntzara jo du Bieitok hura deskribatzeko: “Musikarentzako kapera bat da hau”.

Abeslari nagusiek emanaldian izango duten pisua ere azpimarratu du zuzendariak. Bederatzi izango dira, guztira: Joshua Ellicott, Berit Norbakken Solset, Carlos Mena, Robert Murray, Jonathan McGovern, James Newby, Olga Revuelta, Iñaki Lazkano eta Polentzi Garcia.

[youtube]https://youtu.be/QbVTxRicMGM[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.