Bachen doinu sendagarriak

Johann Sebastian Bachen 'Pasioa San Joanen arabera' oratorioa eszenaratuko du Bilboko Arriaga antzokiak apirilaren 13an eta 14an. Ekoizpen handia izanik ere, musikan jarri nahi izan dute enfasia

Bilboko Arriaga antzokian Johann Sebastian Bachen Pasioa San Joanen arabera oratorioa eskainiko duen lantaldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Musika nabarmenduko duen errespetuzko isiltasun moduko bat sortu nahi izan dio Johann Sebastian Bachi inguruan Calixto Bieitok. Apirilaren 13an eta 14an estreinatuko du Bilboko Arriaga antzokiak Pasioa San Joanen arabera oratorioa, eta Bieito, antzokiko zuzendari izateaz gainera, badabil eszena zuzendari ere. «Ezagutzen dudan partiturarik ederrenetariko bat da», onartu du. «Badaude gustuko ditudan asko, baina hau, ufala, adoratu egiten dut». Horregatik jarri nahi izan du musika guztiaren erdigunean, eta aukera hori egin duelako esan diote lankideek «umil» jokatu duela, ekoizpena handia izanik ere. Bach izango da guztiaren bihotza, eta haren inguruan zabalduko ditu gainontzeko elementu guztiak Bieitok. Erik Nielsen zuzendariak gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa; Bilboko Opera Korua ere izango da agertokian, eta pertsonaia nagusiak jokatuko dituzten bederatzi abeslari nagusi ere izango dira. Eta horien guztien artetik Bachen funtsa agerraraztea izango da erronka.

Estreinaldiarekin, Bieitok Europako mapan kokatu nahi du Arriaga. «Antzokiaren zuzendaritza hartu nuenean, esan nuen beste leku askotan baino lehenago ikusiko zirela gauza batzuk Bilbon, eta asko azpimarratu nuen antzokiaren nazioartekotzea. Gogor egin nuen antzoki hau Europako antzokia bilaka zedin». Eta, hain zuzen ere, asmo hori lortzeko bidean emandako beste urrats bat da, haren hitzetan, Bachen muntatzea; izan ere, mundu osoko estreinaldia izango da Arriagakoa.

Berez, Parisko Theatre du Chatelet antzokiarekin elkarlanean ekoitzi du emanaldia Arriagak, baina lehen-lehenik Bilbon egingo da estreinaldia, eta 2019ko ekainean helduko da Parisera. Horregatik, Arriagan izango den publikoaren artean, ingeles, frantses eta aleman franko entzungo dela aurreratu du. «Ez dira asko Espainiako Estatuan hori esan dezaketen antzokiak».

Oholtzan izango den talde artistikoaren kalitatea ere nabarmendu du zuzendariak. Izan ere, nazioarteko ibilbidea duten hainbat abeslari arituko dira Bachen obrako ahots nagusietan. Tartean izango dira Joshua Ellicott, Berit Norbakken Solset, Carlos Mena, Robert Murray, Jonathan McGovern eta James Newby. Eta haiekin batera rol garrantzitsua jokatuko dute Bilboko Opera Koruko kide diren hiru abeslarik: Olga Revueltak, Iñaki Lazkanok eta Polentzi Garciak, hain zuzen ere.

Osasuntsu eta sendagarri

Erik Nielsen orkestra zuzendariak onartu duenez, bere logelako iluntasuneraino jarraitzen dute Bachen konposizioek azken egunetan. «Izugarri osasuntsua da orkestra batentzat halako musikaz gozatu ahal izatea. Irudika daitekeen maisulanik handiena da. Nik neuk ezin dut lorik hartu gauetan, melodia eta koruak etortzen zaizkidalako behin eta berriz burura, eta ikaragarri sendagarria da; sentsazio ezin gozoagoa da». Hark gidatuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa Bilboko bi emanaldietan, eta musikan jarri nahi izan du berak ere enfasia. Dioenez, Bachen musika hori baita Arriagan eskainiko duten guztiaren funtsa.

1724an eskaini zuten lehenengoz Bachen oratorioa, Leipzigen (Alemania), eta, konposatzaileari ezagutzen zaizkion pasioen artean, entzutetsuenetako bat da gaur egun. Jesusen heriotza eta pizkundea kontatzen ditu, San Joanen ebanjelioan kontatzen denaren arabera, eta konposatzaileak sortutako musika harribitxitzat jo dute ikuskizunean parte hartzen duten kideek. Berez, oratorio bat da obra, eta, beraz, Bachek ez zuen antzezteko moduan osatu, baina antzezle ere jarriko dituzte abeslariak Bilboko ikuskizunean. Bettina Auer musikologo eta filologoa arduratu da dramaturgiaz horretarako, eta, zehaztu duenez, pisu berezia hartuko du Maria Magdalenak ikuskizunean.

Arriagako agertokia ere espresuki moldatu dute emanaldirako. Zurezko xaflen sorta bat baliatu dute agertokiaren soinua indartzeko, eta atzealde horrek transformatu egingo du agertokiaren ohiko itxura ere. Akustikaren bikaintasuna nabarmendu du lantaldeak, eta Bieitok erlijio hizkuntzara jo du eszenan egindako moldaketa deskribatzeko: «Musikarentzako kapera bat da hau».

Bachen obraren abiapuntu izan zen fedean jarri du fokua Joshua Ellicott tenorrak. «Ni kristau protestantea naiz, eta nire sinesmenak adierazten ditu honek. Oratorio hau moldatu egin dugu, noski, eta bestelako sentsazioak eta galderak ere planteatzen ditugu haren bidez, baina nire fedea adierazteko aukera ematen dit piezak. Eta uste dut esanguratsua dela Bach ere sinestuna zela jakitea, ez baitzen ari enkarguz sortzen: sinetsi egiten zuen, eta zerbait berezia gertatzen da horregatik». Edonola ere, ikusle bakoitzari «bere galderak» planteatzeko aukera eskaintzen dio Arriagako ekoizpenak, tenorraren hitzetan.

Itxaropenez beteta

Bieitoren arabera, maitasuna da Bachen konposizioaren muina. «Sufrimenduari buruzko obra bat da, munduaren minei, bakardadeari, etsipenari buruzkoa». Eta, halere, maitasuna igartzen du zuzendariak min horren guztiaren azpian. «Esperantzaz eta maitasunez betetako amaiera dauka».

Hurrengo asteko ostiraleko eta larunbateko emanaldiez gainera, hilaren 11n doako entsegu orokorra ere eskainiko dute 30 urtetik beherakoentzat, Bilboko antzokiko arduradunek nabarmendu dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.