Disko batek talde baten musika ibilbidea baldintza dezake. Onerako zein txarrerako. Badira lan arrakastatsuak egin eta gero hura (komertzialki) gainditzeko aukerak usaindu ere egiten ez dituztenak. Badira musikaren historiara pasatuko diren disko mugarriak grabatu eta gerora hura behin eta berriro errepikatzen saiatzen direnak. Eta badira disko batek lortutakoizaera mitikoari bizkarra eman gabe disko duin eta batzuetan bikainak egiten jarraitzen dutenak.
Cowboy Junkies da talde horietako bat. Eta The Trinity Session (1988), Kanadako laukoteari lapa bat bezala atxikita egon den diskoa. Timmins neba-arrebak—Margo (ahotsa), Michael (gitarra) eta Peter (bateria)— eta Alan Anton (baxua) etxeko sotoan grabatutako blues oinarriko disko biluzi batekin hasi ziren 1986an (Whites Off Earth Now), artean doinu sustraidunak modan ez zeudela. Eta bi urte geroago iritsiko zen The Trinity Session, Torontoko Hirutasun Santuaren elizan grabatutako folk, country, blues eta pop uztarketa harrigarria. Tenpluko atea irekita zegoela eta mikrofono batekin ondu zuen diskoa egun bakarrean taldeak, eta elizaren akustikari esker, soinu intimista bezain iradokitzailea lortu zuten abesti propioek nahiz egokitzapenek —Hank Williams, Lou Reed eta Elvis Presleyk ezagun egindako kantuak ageri dira, besteak beste, bertsio ilun eta intimistetan—.
Nahiz eta komertzialki ez izan disko bereziki arrakastatsua, The Trinity Session laukotearen gailurra izan zen, kultuzko talde bihurtuko zuena. Handik aurrera, saiatu ziren material propioari lehentasuna ematen (The Caution Horses, 1990), countryra lerratu ziren, eta taldearen soinua konbentzionalagoa bilakatu zen. Eta hala ere, Cowboy Junkiesen nortasun zeinuetako batzuek hor jarraitu zuten; hala nola, Margoren ahots bereziki pertsonalak eta Michaelen gitarra jotze landuak.
Azken bi urteotan The Nomad Series bilduma aritu dira osatzen, narratiba jakin bati erantzuten dioten hainbat disko kaleratuz. Aurten Demons kaleratu zuten aurrena (serieko bigarrena), Vic Chesnutt zenaren kantuen bertsioekin. Etaorain Sing In My Meadow-rekin itzuli da taldea, blues eta country doinuei rock eta psikodelia gehitzen dien lanarekin.
Taldea Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan ariko da gaur, 20:00etan.
Bada bizitza elizatik kanpo
Cowboys Junkies Kanadako laukoteak begiratu bat egingo dio 25 urteko ibilbideari Donostian, gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu