MUSIKA

Bada euskal kantagintzari buruzko ataria: 'badok.info'

Musika webgunea aurkeztu du gaur arratsean BERRIAk. 60ko hamarkadatik abiatuta, biografiak, diskografiak eta kantuen hitzak biltzen ditu, besteak beste. Gaur aurkeztu dute.

2009ko abenduaren 10a
17:51
Entzun
60ko hamarkadatik 2000ra arte euskal kantagintzak emandakoa jaso eta bildu du BERRIAk www.badok.info atarian, eta bihartik aurrera egongo da ikusgai. Jon Eskisabel kazetaria aritu da, batez ere, informazioa biltzen eta atontzen, eta Kepa Sarasolak egin du webgunea teknikoki. "Hemen ez dago dena, baina abiapuntu sendoa eta mamitsua da", adierazi du Eskisabelek. "Azken batean, helburua euskal musika osoa jartzea da", esan du Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak.

Gaur aurkeztu dute ataria, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. Hasieran, Arkaitz Mendoza BERRIAko musika kritikariak hainbat euskal pieza jo ditu pianoan. Aretoa dena bete da: han ziren diskoetxeetako arduradunak, musikariak, erakunde publikoetako ordezkariak, EKTkoak, euskal kulturako lagun asko...

160 biografia inguru biltzen ditu www.badok.info-k, bakoitza bere diskografiarekin eta argazkiez hornitua. Mixel Labegeriek eta Soroak laukoak lehen disko txikiak kaleratu zituztenetik 2000. urtera arte kantagintzak izan duen garapena, abestien hitzak, diskoetxe esanguratsuenen biografiak eta kantagintzari buruzko bibliografia dira beste atal batzuk. Irakurtzeko eta ikusteko ez ezik, entzuteko ere bada weba, kantari askoren abestiak eskaintzen baititu.

Iñaki Beobide izan da euskal kantagintzan lan handia egin duenetako bat. Garai batean baliabide askorik ez eta diskoetxeak "lagun artean" sortzen zituztela gogoratu du, eta Ez dok hamahiru mugimenduak "bultzada" handia eman ziola euskal musikari.

Egitasmoa aurrera eramateko, besteak beste, Eresbil artxiboaren eta diskoetxeen laguntza izan du BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.