Antzerki eta dantza garaikidearen agertoki bilakatuko da Bilbo azaroaren 6ra bitartean. Hemengo eta kanpoko 21 talde ariko dira, eta horietako hamabiren lanak lehen aldiz ikusiko dira Euskal Herrian. Nahiz eta BAD jaialdia datorren ostiralean hasi, dagoeneko martxan dira zenbait ekitaldi pizgarri gisa. Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarrak Arte eszenikoak eta ekintza politikoa tailerra hasi zuen atzo. Sorkuntza eta ikerketa eszenografikoari buruz jardungo da urriaren 27ra bitartean San Frantziskoko Udaltegian. Erakusketa eta ikus-entzuleekin topaketa eginez bukatuko du ekimena, jarraian ostiraletik aurrera BADen barruan jada La puta y el gigante bere azken lana estreinatzeko.
Artistak egoitzan programaren barruan, sortzaile gazteak izango dira protagonista. Carla Fernandez dantzari eta koreografo mexikarrak, adibidez, zientzia fikzioko dantza ekarriko du oholtzara bihar. Bea Fernandezek, egungo sorkuntza munduko zenbait alorretako hamasei interpreterekin izandako elkarrizketetan oinarritutako dokumentala, ostegunean.
Antzerkia hoteleko logelan
Angels Margarit dantzari, koreografo eta pedagogo katalana iazko Espainiako Dantza Sari Nazionalaren irabazlea da. Ostegunean sorkuntzaren inguruko hitzaldia emango du, baina bere ekimen bitxiena larunbat eta igandean aurkeztuko du. Miro hoteleko 83. logelan Miró 83 solo para habitación ikuskizuna eskainiko du. Publikoa hamabi lagunek osatu ahal izango dute, eta une horretan hoteleko apopiloaren intimitatea behatuko dute voyeur gisa.
Artista katalanak sei emanaldi eskainiko ditu asteburuan sarrera lortu ahal izango duen talde pribilegiatuarentzat. Aurretiaz salgai daude Guggenheim museoaren txarteldegian eta web orrian.
Nabarmentzekoa da Salia Nï Seydou konpainia afrikarrak dakarren Le tango du cheval dantza ikuskizuna. Urri hasieran Bordelen estreinatu zuten lana zaldietan dago inspiratua, eta zortzi dantzarik eta zenbait musikarik zuzenean antzeztuko dute.
Arkadi Zaides koreografo bielorrusiarrak, bestalde, Quiet lana aurkeztuko du. Israelen bizi da aspalditik, eta ondo ezagutzen du israeldar eta palestinarren arteko gatazka. Horren lekuko, Fundicion aretoan aurkeztuko duen lan gogorra.
Aipagarrien artean daude: Horman Poster Bilboko taldearen Pasado perfecto emanaldia, ukitu erretro-futuristak dituen Olatz de Andresdantzariaren Privolva eta Tearto Teatroren Autoestigma.
BADeko ekintzen agertoki nagusiak La Merced, Alondegia, Campos antzokia, EHUko ekitaldi aretoa, 6. Pabiloia, Euskalduna Ontziolaren lurrak izandakoak eta Vista Alegre zezen plaza.
BADen, 12 estreinaldi
Marco Canale antzerkigilea eta Angels Margarit dantzaria Bilboko jaialdian dira atzoz geroztik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu