Azken urteotan zinema errusiarrak eman duen zuzendaririk interesgarrienetakoa da Andrei Zviagintsev. 2003an eman zen ezagutzera bere herrialdetik kanpo, Vozvrashchenie drama hunkigarriari esker. Film horrekin Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia irabazi zuen, eta horrek ate asko ireki zizkion.
Hala ere, zinemagileak ez zuen lortutako arrakastarekin iparra galdu, eta bere erritmoan segitu zuen lanean. Orduz geroztik, film luze bakarra egin du, 2007ko Izgnanie. Hortaz, honako hau gure pantailetara ailegatzen den bere hirugarren pelikula da, iazko Canneseko zinemaldian epaimahaiaren sari berezia irabazi zuena.
Elena drama garaikidea da, bizitza eta heriotzaren inguruko betiereko galderen ingurukoa. Zuzendariak berak esan duenez, bakardadea da gizabanakoon berezko ezaugarria, eta nahitaez bakardade horrekin bizitzen ikasi behar dugu. Emakume bat, samurra, eztia eta sentibera dena, nola hiltzaile hotz eta gupidagabe bihurtzen ahal den, horixe da zuzendariak pantailara eraman nahi izan duen galdera.
Elena eta Vladimir adineko bikote bat da. Elkar ezagutu zutenerako, bakoitzak aurreko harreman batetik haur bana zuen. Elenaren semea langabezian dago, eta ezin du etxean lagundu. Vladimirren alaba, berriz, gazte hotz eta axolagabekoa da, aitarekin apenas harremanik gabekoa.
Vladimirrek bihotzekoa izanen du; heriotza horren gertu ikustean, duen guztia alabari uztea erabakiko du. Horrela jakinaraziko dio Elenari, eta hark bere semearen etorkizuna iluntzen ikusiko du. Horregatik, semeari aurrera ateratzeko aukera bat eskaintzeko asmoz plan bat jarriko du martxan.
'ELENA'
'Zuzendaria: Andrei Zviagintsev.
Aktoreak: Andrei Smirnov, Nadezhda Markina, Elena Liadova.
Herrialdea: Errusia.
Urtea: 2011.
Iraupena: 109 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Bakardadea eta familia loturak
'Elena' drama garaikidea Andrei Zviagintsev zinemagile errusiarraren film berria da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu