Donostiako Miramar jauregian 1992an egin zenaz geroztik, Txillidari (1924-2002) haren jaioterrian eskainitako lehen erakusketa handia da, eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik.
Ignacio artistaren semeetako bat da mostraren komisarioa. Goizean komunikabideen aurrean adierazi du haren aita, artista eta pertsona gisa, zena erakusten saiatu direla. "Eta horretarako onena da haren aztarnak eta egin zuen bidea jarraitzea". Gogoratu du, gainera, maiz mintzatzen zela bidearen kontzeptuaz. Halere, ez zuen gogoko bere lanei buruzko azalpen gehiegi ematea: "Esaten zuen horrek pertsona bakoitzak sentitu zezakeena intoxikatu zezakeela".
Hiru zatitan banatu du erakusketa. Lehenengoan, Monumentu publikoak eta grafismoa deiturikoan, Txillidaren alderdi sozial eta konprometituena dago ikusgai, haren semearen esanetan. Osatu zituen monumentu publiko batzuen proiektuak eta maketak bildu dituzte —Foruen monumentua, 1990, Uraren gorazarrea, 1987, Askatasunaren kaiola, 1997, Kantzelaritza berria, 1999..), eta baita egin zituen logoak, pegatinak eta beste, ETAri eta Juan Carlos Borboikoari idatzitako pare bat eskutitzekin batera. "Erakusketaren norabidea markatzen du gune horrek".
Aztarnak gunean, erakusketako espazio handienean, pisu handieneko lanak bildu ditu: altzairuzkoak, alabastrozkoak, granitozkoak... Hor daude, esaterako, Monumento a la tolerancia (1985), Escuchando a la piedra IV (1996), Homenaje a Pili (2000), Ilarik II (1954) —haren lehen eskultura—, eta baita Peine del viento XVII (1990) ere —astunena, sei tonako pisua baitu—. "Galdera asko zeuzkan buruan, eta obren bidez saiatzen zen horiei erantzun bat ematen"
Haizearen orrazia haren lan enblematikoenari eskainita dago hirugarren gunea. 14-15 urterekin geratu zen tokiarekin txundituta. "Esaten zuen kolonizatuta zeukala", gogoratu, umorez, Ignacio Txillidak. 1952 eta 1999 arte egin zituen haizearen orrazia-k daude ikusgai, eta baita hainbat zirriborro ere, orain arte kaxoi batean gordeta zeudenak— "horietan ikusten da nola aldatu ziren tokiari buruzko haren ideiak eta formulazioak"—. Txillida, era berean, orrazia mamitu zuten elementuez mintzo da: lekuaz, burdinolaz, arkitekturaz, ingeniaritzaz, esaterako.
Katalogo bat ere argitaratu dute erakusketa irekitzearekin bat, eta horretan Andres Nagelek idatzitako esaldi batek Txillidaren ondarea definitzeko balio duela uste du Ignacio haren semeak: "Txillidaren aztarna bere lana baino askoz ere haratago doa".