Artelanak dira Cristobal Balentziaga (1895-1972, Getaria-Valentzia) moda diseinatzailearen sorkuntzak. Modaren altxorrak dira, ondo gorde eta zaindu beharreko parerik gabeko piezak. GetariakoBalentziaga Museoak ondo daki artelan horiek zeinen hauskorrak diren, eta bilduma iraunkorra erabat berritu du. Orain arte ikusgai izan diren piezak gorde, eta diseinatzailearen aurretik erakutsi gabeko 70 sorkuntza aurkeztu ditu museoak. Erakusketa bihar irekiko dute, eta hasiera batean, 2013ko udaberria arte ikusgai egongo da.
Urtebete bete berri du museoak, eta Balentziagaren 1.300 piezen bilduma handitzea lortu du. Ehun sorkuntza berri jaso ditu, partikularrek eta gordailuek emandakoak, eta horietako batzuk erakusketa berrian gehitu dituzte. Balentziaga Fundazioaren zuzendari Javier Gonzalez de Duranaren arabera, museoaren lehen urtea oparoa izan da. Orain arte 100.000 inguru bisitari izan ditu museoak, 80.000 iazko urtean. Emaitza onak izan direla nabarmendu dute Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak.
Erakusketa iraunkorra aldatzeko unea dela azaldu du Gonzalez de Duranak: «Jantziek atsedena behar dute. Oso pieza hauskorrak dira, eta, urtebete ikusgai egon ondoren, lau urteko zainketak beharko dituzte». Aldatzen ibili beharrak abantailak dituela nabarmendu du fundazioko zuzendariak: «Gainontzeko museoetan ez bezala, gure erakusketa etengabe mugimenduan dago, epeka sorkuntza berriak eskainiz». Bilduma iraunkorraren aldaketa egiteko ia hilabete behar izan du museoak, eta bitarte horretan itxita egon da: «Ez da berriro gertatuko. Ezin dugu onartu museoa Balentziagaren lanik gabe egotea. Aurrerantzean, bildumaren aldaketa banan-banan egingo dugu, erakusketa beti irekita egon dadin».
Egitura egiturari eutsi dioten arren, hainbat berrikuntza gehitu dizkiote erakusketari. Jantzi gehienak gaueko soinekoak eta berokiak direnez, gelak argi ilunekin girotuta daude, bisitariek jantziak erabili ziren testuingurua sentitu ditzaten. Horrekin batera, sorkuntzen inguruko argidun informazio panelak ezarri dituzte, bisitariei irakurketa lanak errazteko.
Balentziagaren lanaren bilakaera kronologikoa da erakusketaren haria. Gonzalez de Duranaren arabera, aberatsagoa da: «Erakusketa homogeneoagoa eta ugariagoa da. Aurreko bilduman, zinemako izarren eta famatuen jantziak zeuden, baina bilduma berriak jantzien kalitateari eta bitxikeriei garrantzia eman die. Horiek dira museoaren bildumako benetako harribitxiak. Erakusketa berriak Balentziagaren lanak glamour-a baino gehiago direla irakatsiko die bisitariei».
Miren Arzalluz historialariaren eta Igor Uria museoko arduradunaren iritziz, bilduma berriak hobeto erakusten ditu Balentziagaren lanak igarotako aroak. Ikusgai dagoen lehen pieza 1912ko gaueko soineko beltz bat da, bildumako piezarik zaharrena. Aurreko erakusketatik gorde duten jantzi bakarra da. Uriaren esanetan, halako pieza zaharrak dauden lekuan uztea da onena: «Bildumako harribitxi polita da. Geroz eta gutxiago ukitu, hobeto». Arzalluzek 50eko hamarkadan egindako jantziak nabarmendu ditu: «Garaiko diseinatzaile onenak ezagutu zituen Balentziagak, eta jantzirik harrigarrienak sortu zituen. Sorkuntza guztietan nabari daiteke bikaintasunera iristeko diseinatzaileak zuen desioa, etengabe eraberritzekoa. Japoniar estiloko diseinuetan oinarritu zen askotan, eta luxuzko tela eta brodatuak erabili zituen». Balentziagaren azken lanak ere ikusgai ipini dituzte, prêt-à-porter moduan egindako lan bakarretakoa, hain zuzen ere. Air Franceko hegazkin zerbitzarientzako jantziak izan ziren diseinatzaileak sortutako azken harribitxiak.
Urteurrena ospatuz
Urteurrena ospatzeko, erakusketa berritzeaz gain, museoak hainbat ekintza antolatu ditu. Bihar gauean museoko ateak irekiko dituzte, eta, bertan, Thirties jai tematikoa antolatu dute. Horrez gain, ekainean hainbat ekitaldi eskainiko dituzte. Besteak beste, kiroletako jantzien workshop-a, Maria Ganzabar Learretaren modako aldizkarien inguruko konferentzia eta bainujantzien erakusketa ikusgai izango dira.
Balentziagaren harribitxiak
Getariako museoak bilduma iraunkorra berritu du, eta aurretik erakutsi gabeko 70 jantzi aurkeztu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu