Cristobal Balentziaga (Getaria, Gipuzkoa, 1895-Valentzia, 1972) jostun eta moda sortzailearen omenezko museoaren eraikuntza lanak bukatutzat jo dituzte. Lehen harria jarri zutenetik zalapartaz beteriko hamar urte pasatu dira, Justizia oraindik aztertzen ari den ustelkeria kasuak tarteko. Lanak amaituta, erreka baten traza hartu du Getariako Berroeta-Aldamar jauregira itsatsitako kristalezko eraikin bihurriak. Museografia eta barneko lanak amaitzea baino ez da falta ekainaren hasieran Balentziaga museoko ateak zabaltzeko. Orotara, 20 milioi euroko aurrekontua izan du. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu nagusiak eraikina bisitatu zuten atzo.
«Oso pozik gaude erakundeen arteko elkarlanak fruitu ona eman duelako», esan du Urgellek. Aurrerantzean, hiru xede nagusi izango ditu Balentziaga museoak, Olanoren arabera: «Batetik, museoaren nazioarteko proiekzioa bultzatzea, horretarako Balentziaga markaz baliatuz; bestetik, goi joskintzako eskola sortzea moda sortzaile berriak trebatzeko eta, azkenik, Euskal Herrian modaren industria garatzea».
Kristalezko eraikinak 800 metro koadroko hall luze bat du. Denda, kafetegia eta, besteak beste, moda desfileak egiteko balioko duen erabilera anitzeko eremua jarri dituzte bertan. Hallaren erdialdean, zintzilik bezala, hiru kubo handi daude, Balentziagaren jantzien lore formako estanpatu metalezkoz estalita. Kubo horien barruan daude, hain zuzen, Balentziagaren soinekoak erakutsiko dituzten 80 bitrinak. Gaika sailkatutako sei aretotan banatuko dute erakusketa: hastapenak, egunekoak, koktelekoak, gauekoak, ezkongaienak eta versus, Balentziagaren soinekorik berritzaileenak biltzen dituen aretoa. Horiez gain, eraikin nagusitik Berroeta-Aldamar jauregira pasatuz, Cristobal Balentziagaren bizitzari buruzko erakusketa eta aldi baterako erakusketentzako aretoak aurki daitezke.
Goi joskintza bultzatu
«Argiaren, koloreen eta ikus-entzunezkoen erabilerak garrantzi handia izango du areto bakoitzaren nortasunean», azaldu dute Victoria Garriga eta Toño Foraster arkitektoek. «Eraikinaren espazio nagusiari erreka itxura eman diogu, bisitariak eremu batetik bestera noranzko egokian bideratzeko asmoz», azaldu dute AV62 arkitektura enpresako kide biek.
Kuboetako batek zuzendaritza eta administrazio bulegoak bilduko ditu. Horrez gain, eraikinak 900 metro karratuko eremua eskainiko dio goi joskintzako eskolari. Izan ere, aurrerantzean museoa kudeatuko duen Balentziaga Fundazioak garrantzi berezia eman dio museoarekin batera goi joskintzako eskola sortzeari.
Hubert de Givenchy moda sortzaile frantziarra da fundazioko zuzendaria eta Espainiako Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udala ere fundazioko kide dira. Guztira, Balentziagaren mila pieza ditu fundazioak, horietatik berrehun soinekoak dira. Hala ere, kontserbazio eskakizunak direla eta, erakusketa sei hilean behin aldatuko dute, txanda bakoitzean 90 soineko erakutsiz. Datorren urterako, 1,5 milioi euroko aurrekontua du museoak, eta hamabost lanpostu sortuko ditu.
Balentziagaren museoa prest da
Ekainaren hasieran zabalduko dute Getariako Berroeta-Aldamar jauregira itsatsitako eraikina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu