Musika
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Baleta: Miarritzeko Malandain.
Zuzendaria: Eduardo Portal.
Egitaraua: P. I. Txaikovskiren Loti ederra, Zisneen lakua eta Intxaur-hauskailua-ren atalak.
Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.
Eguna: Otsailak 18.
Zinema aretoetan estreinatu berri den Black Swan filmarekin batera aurkeztu digu Malandain koreografoak balletaren beste ikuspuntu bat. Txaikovskiren Zisneen lakua-n oinarritzen den kontaketa Aronofsky zuzendariak gidatu eta Nathalie Portman aktoreak maisutasun handiz garatu dute, eta nahiz eta Malandain zuzendariaren ildo beretik ez mamitu, filmak eta erakustaldiak berebiziko arrakasta lortu dute denbora gutxian.
Ispiluzko bederatzi kaxoi handi kokatu zituzten eszenatokian, eta horren inguruan ballet taldea bikoizten joan egin zen ispilu islarekin joko nahasi bat irudikatuz. Halere, Malandainek planteatutako egituran, kontrajarritasuna izan zen garaile; Loti eder-eko binakako pausoetan emakumeak aurkeztu beharrean, gizonezkoak; giza harpa bikain, zailtasun handiko oreka ikusi zen ariketetan, eta italiar fouetté-etan gizonezko zirenek emakumeen rola bete zuten. Gozamen hutsa izan zen emanaldi osoan bozgorailuetan garrasika aritzen den grabaketa bat izan beharrean zuzeneko musika entzuteko aukera; horretan, Euskadiko Orkestrak malgutasun oparoz garatu zituen dantza bateratasunak.
Zisneen lakua-n korrikaldi bikainak egin zituzten Miarritzeko mutil neskatoek, erritmo handiko gorputz higidurak eta garrasi ozenak gauzatuz. Malandain koreografoak distira berezia eman nahi izan zien lauko pausoei, eta hankekin ideiatu zuen koreografia bereizgarri hau. Bitartean, Portalen zuzendaritzapean aritu zen orkestra fin aritu zen erritmo kontuan, Txaikovskiren emozio sentikorrean xume aritu arren.Energia falta izan zen biolin jotzaile bakarlariaren interpretazioan eta handitasun gardenago bat tronboien aldarrikapenetan. Amaierako Intxaur-hauskailua-n ukitu komikoa zoragarria izan zen, zelestaren eguratsean dantzatu zen gizonezko soloa nabarmenduz. Balleta jendartera gerturatzeko aukera paregabea, zuzeneko musikaren presentzia aldarrikatuz eta duintasun dotoreko emanaldia egituratuz.
Balletaren kontaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu