Jonathan Nott orkestra zuzendariaren aginduetara hiru kontzertu emango ditu Bambergeko Orkestra Sinfonikoak (Alemania) hurrengo egunetan Donostiako Musika Hamabostaldian.Gaur arituko dira lehen egunez, eta larunbatean eta igandean ere Kursaal auditoriumean izango dira. Igandean, jaialdiari amaiera emango diote Donostiako Orfeoiarekin batera egingo duten kontzertuan. Gaur, berriz, orkestra sinfonikoarekin eta Nottekin batera arituko da Christian Zacharias pianista alemaniar ezaguna.
Klasikotasuna eta modernotasuna bateratuko dute gaur iluntzean Kursaalean. Hala, Charles Ivesen Erantzun gabeko galdera, Franz Schuberten Sinfonia Si minorrean 'Amaitu gabea', D759 eta Johannes Brahamsen Pianorako 2. kontzertua uztartuko dituzte egitarauan. Musika Hamabostaldiko ordezkariek azaldu bezala, Zacharias Brahamsen interprete handietakoa da. Pianistak ez du kontzertu bakarra emango Musika Hamabostaldian: bihar auditoriumean izango da berriro ere. Biharkoan, Schuberten lanera hurbilduko da Arriaga Quartetekin batera egingo duen kontzertuan.
Mahler eta alferrikako borroka
Larunbatean, Bambergeko Orkestra Sinfonikoak eta Nottek lekukoa hartuko dute berriro, eta Mahlerren 6. Sinfonia ekarriko dute Kursaalera. Mahlerrek gizakiak heriotzaren kontra egiten duen alferreko borroka jaso zuen sinfonia horretan.
Hirugarren eta azken kontzertua emango dute Nottek eta orkestrak igande iluntzean. Donostiako Orfeoiarekin batera arituko dira, eta, bide horretan, Musika Hamabostaldiaren 73. aldiari amaiera emango diote. 20:00etatik aurrera, XX. mendeko musika irauli zuten musikagile biren lanak uztartuko dituzte: Igor Stravinski eta Claude Debussy. Besteak beste, Stravinskiren Haize instrumentuentzako sinfonia eta Salmoen sinfonia eta Debussyren Jolasak eta Itsasoa interpretatuko dituzte musikariek. Orotara, ordu eta erdi inguruko emanaldia egingo dute musikariek. Jose Antonio Sainz de Alfaroren zuzendaritzapean abestuko du Donostiako Orfeoiak.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Bambergeko orkestrak eta Jonathan Nottek itxiko dute hamabostaldia igandean
Christian Zacharias pianistarekin Brahms, Schubert eta Ivesen lanak joko dituzte gaurko emanaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu