Espainiako banderak eta ikur frankistak udaletxeko balkoian, eta uniformedun soldaduak kalean; hala esnatu da gaur Getxo (Bizkaia). La higuera de los bastardos filmatzen ari dira egunotan herriko Portu Zaharrean.
Ana Murugarren arduratuko da filma zuzentzeaz; Ramiro Pinilla idazlearen La higuera nobela oinarrian hartuta. 36ko gerran du hasiera istorioak: Rogelio falangistak Gabino izeneko gazte baten aita eta anaia etxetik eraman eta akabatu zituen, eta Gabinok piku arbola bat landatu zuen anaiak lurperatu zituzten tokian. Gaztearen gorrotozko begirada sumatu zuen batean, falangistak piku arbola gauero ureztatzea erabaki zuen. Hortik aurrerakoak kontatzen ditu filmak.
Ramiro Pinilla idazlea (Bilbo, 1923-Barakaldo, 2014) filmaren proiektua garatzen ari zirenean hil zen, baina haren seme David Pinillak aktore lanak egingo ditu. Pinillak Getxoko Andra Mari auzoan zegoen Arrune baserrian eman zituen haurtzaroko lehen udak, eta helduaroan ere han bizi izan zen. Getxo eta inguruetan kokatu zituen haren nobelak; horren zergatia azaldu zuen 2010ean BERRIAri eman zion elkarrizketan: "Bere txikian, Getxo mundu oso bat da, eta hemen, munduko leku guztietan bezala, denetarik aurki daiteke, milaka eta milaka gai. Beti aurki daitezke istorio berriak Getxotik irten gabe".