Francis Ford Coppolak bere Dracula partikularrerako irudikatu eta orain Mario Vaquerizok hezur-haragizko bihurtu duen banpiroa irudi nagusi dela egingo da, hilaren 27tik azaroaren 3ra arte, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 23. Astea, Donostian. Banpiroaren, Nosferaturen itzalpean ariko dira, zinema asteak iraungo duen bitartean Okendo kultur etxean ikusgai egongo den erakusketak (Banpiroen errege) agerian utziko duen moduan. Hala, Drakularen konpainian egingo du bidea aurtengo zinemaldiak, eta Tod Browningen esanetara Bela Lugosik antzeztu-bizi izan zuen hura ere izango da Beldurrezko Astean. Eta Frank Langellaren bisaia hartu zuen beste hark ere egingo du agerpena Donostiako zinema pantailetan.
Aurretik iragarrita zegoen bezala, Sinister filmari egokituko zaio zinema astea hastea, Scott Derringtonek zuzendu eta Ethan Hawke protagonista duen AEBetako ekoizpenari. Ixteko, berriz, The Tall Man aukeratu dute, Pascal Laugierrek zuzendutako filma. Bataren eta bestearen artean hamaika proposamen eskainiko ditu Beldurrezko Asteak.
1. Film luzeak
Beldurrezko Astearen corpusa osatzen du film luzeen sail ofizialak, eta aurten 22 lan erakutsiko ditu, horietatik 20 ikusleen saria eskuratzeko lehiatuko direnak (6.000 euro). Nabarmentzekoa da film gehienak Europan ekoitzitakoak izango direla (10). AEBetatik zazpi iritsiko dira, eta Asiatik bost. «Fantasia genero zabala da eta sail ofiziala ere horren erakusle izango da», argitu du Josemi Beltranek, zinema astearen zuzendariak. Aurtengo eskaintzan, zinemagile ugariren artean zuzendutako bi film kolektibo nabarmentzen dira: batetik, V/H/S, bideo formatu zaharrari eginiko omenaldia, eta, bestetik, The ABCs of Death, heriotzari buruzko 26 istorio jasotzen dituen atalkako lana. Horiez gain, Brandon Cronenbergek —David Cronenbergen semea— Sitgesen saritu duten Antiviral ekarriko du Donostiara, askok aitaren lehen lanekin lotu duten filma; eta Takashi Miikek abokatuen munduan girotutako bideo joko baten egokitzapena aurkeztuko du: Ace Attorney / Gyakuten Saiban.
Irlandatik eta Ingalaterratikiritsiko dira sail ofizialeko bi film jostagarrienetakoak: Grabbers (Jon Wright), zefalopodo gosetu bat protagonista duen irri eta izuzko lana, eta Cockneys VS Zombies (Matthias Hoene), bankari gaiztoak, auzotarrak eta zonbiak nahasten dituen gore film umoretsua.
Oso bestelakoa da My Amityville Horror. 70eko hamarkadaren amaieran oso ezagunak egin ziren Lutz familiak Amtyville etxean pairatu zituen esperientzia paranormalak, eta haien harira hamaika film eta telesail egin dira orain arte. Oraingoan, ordea, Eric Walter zuzendariak familia hartako seme Daniel bihurtu du gertaeretan arakatu nahi duen dokumental beldurgarri bateko protagonista.
Sail ofizialeko beste hamaika proposamenen artean daude Insensibles, Espainiako gerran eta haren ondoreneanfantasiaren bitartez arakatzen duen lana eta Tulpa, Italiako giallo-aren espiritua berreskuratzen duen ekoizpena.
2. Film laburrak
Hamazazpi film laburrek hartuko dute parte sail ofizialean eta bi sari eskuratzeko lehiatuko dira: Publikoaren saria eta Nazioarteko Epaimahaiaren saria. Azken hori Leticia Dolera aktore espainiarrak, Srdjan Spasojevic zinemagile serbiarrak — A Serbian Film polemikoaren egilea— eta Borja Crespo zinemagile eta eragile bizkaitarrak osatuko dute. Aurtengo eskaintzaren barruan film gehienak Europan eginikoak izango dira (13).
3. Universal eta Viktoria Eugeniak 100 urte
Universal ekoiztetxe estatubatuarrak eta Viktoria Eugenia antzokiak ehun urte bete dituzte aurten, eta hori baliatuta biak elkartuko ditu ziklo batek. Universaleko sei film esanguratsu eskainiko dituzte antzokian, guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin: Dracula (Tod Browning, 1931), Creature from the Black Lagoon (Jack Arnold, 1954), The Incredible Shrinking Man (Jack Arnold, 1957), Jaws (Steven Spielberg, 1975), E.T: The Extra-Terrestrial (Steven Spielberg, 1982) eta Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985).
4. Haurrentzako zinema
Haurrei propio zuzendutako emanaldi bat ere izango da Beldurrezko Astean, hilaren 27an, Viktoria Eugenian. Han emango dituzte David Zabalak eta Paul Urkijok zuzendutako Ohe azpiko zera film laburra eta Freddy Igeldegi (Peter Dodd)animaziozko lan luzea. Bi filmak euskaraz emango dituzte.
5. Erakusketak
Lau erakusketa irekiko dituzte Beldurrezko Astearekin batera: Luis Gaskaren bildumarekin osatutako Banpiroen errege Drakulari buruzko afixa, argazki, liburu eta abar biltzen dituen erakusketa (Okendo kultur etxea), Santiago Lorenzoren Jostailu-denda (udal liburutegia), Santiago Valenzuelaren Euskadi Fantastikoa VIII (Principe zinema aretoak) eta Luis Royok eta Romulo Royok ondutako Malefic Time-Apocalypse ilustrazio mostra (Fnac).
6. Nekrobira
Beldurrezko Astea hasteko, Nekrobira antolatu dute, 27an, 19:00etan, Bulebarrean hasiko den kalejira. Aurretik, 15:30ean hasita, makillaje eta mozorro soinudunen tailerrak izango dira.
Banpiroaren itzalean
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako 23. Astea hilaren 27tik azaroaren 3ra arte egingo daHogei film luze eta hamazazpi labur lehiatuko dira sail ofizialean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu