2007ko udaberrian zabaldu nahi dituzte museoko ateak eta dagoeneko lanean ari dira horretarako. Ataungo herri bidean zehar hiru gune izango ditu beraz Barandiaran museoak. Ibilaldia Larruntza Errotan abiatuko da. Bertan Barandiaran jakintsuaren bizitza eta obra ezagutu ahal izango dira. Dagoeneko lanean ari dira bertan eta urte amaierarako amaituta izatea espero dute.
Bigarren gune lurpean egongo da eta euskal mitologia izango da nagusi bertan. Batez ere mitologiari lotutako ondare ez materialek izango dute garrantzia, hau da, sinismenak, erlijioak, medikuntzak, izaki mitologikoek, dantzak, ahozko literaturak eta abarrek izango dute protagonismoa. Izan ere, Joxe Miel Barandiaran antropologoaren lan etnografikoak eta arkeologikoak beste zenbait lekutan daude ikusgai (Zestoako Ekaingo leize-zuloan esaterako)eta Ataungo museoaren bigarren guneak horien osagarri izan nahi du. Sinismen, mito eta legenda horiek guztiak erakusteko teknologia berriak baliatuko dituzte.
Hirugarren gunea Sara etxea izango da. Barandiaran erbestetik itzuli zenean eraiki zuten etxe hura 1953an. Etxe-museoa egin nahi dute bertan. Hasieran, kanpotik bakarrik ikusi ahal izango da Barandiaranen iloba Pilar Barandiaran bertan bizi delako oraindik. Hala ere, etorkizunean etxe-museoa bisitatu ahal izango den hirugarren gunea bilakatzeko asmoa dute.
Kultura
Barandiaranen lana ezagutarazteko helburuarekin 2007rako museoa prest izango dute Ataunen
Joxe Miel Barandiaran antropologoaren jaioterrian, Ataunen, 2007ko udaberrirako prest izango dute Barandiaran Museoa. Besteak beste, ikerlariaren lana zaintzea, gordetzea eta ezagutaraztea izango ditu helburu museoak. Ataungo herri bidea izango da proiektuaren bizkarrezurra; museo sakabanatua izango da herri osoa hartuko duelako. Herri bide horrek lotuko ditu museoaren hiru guneak. Lehenengo gunean Barandiaranen lana eta bizitza bilduko dira eta bigarrena euskal mitologiari zuzendutakoa izango da. Hirugarren gunea Barandiaran bera bizi izan zen Sara etxean egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu