Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Lehen finalerdia

Barberena doa Iruñeko finalera

Oso estu joan dira Eneko Lazkoz eta Oskar Estanga bertsolariak Jon Barberenaren atzetik, Beran izandako saioan

Jon Elizetxe, Eneko Lazkoz eta Jon Barberena, atzoko saioan, Beran. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bera
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Zortzi izango dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean arituko diren bertsolariak. Eta Jon Barberena izango da horietako bat. Atzo Beran jokatutako finalaurrekoan lehen postua lortuta, zuzenean sailkatu da Iruñean apirilaren 9an egingo den saiorako. Estu joan zen lehia, halere, atzean, gertu, oso gertu izan zituen Eneko Lazkoz eta Oskar Estanga. Zortzi puntuko tartean bukatu zuten lehen hiru bertsolariek. 398 lortu zituen Barberenak, 396,5 Lazkozek eta 390,5 Estangak. Atzetik joan ziren Jon Elizetxe (377 puntu), Saioa Alkaiza (364) eta Oier Lakuntza (354).

Saio gorabeheratsua izan zen Berakoa, oro har, eta ale on batzuk egon baziren ere, guztiz lehertu gabe bukatu zen. Erregulartasuna izan zen puntuetan eraginik handiena izan zuen faktorea. Horrek bereizi zituen lehen postuetan gelditu ziren bertsolariak.

Umoretsu joan zen saioa zortziko txikiko lanean, eta Eneko Lazkoz eta Saioa Alkaizaren artekoa izan zen kultur etxea betetzen zuen publikoaren artean barre gehien eragin zuena. Depilatzaile lanetan jarri zuten Lazkoz, eta lehenengoz doan bezeroaren rolean Alkaiza. Samurtasunik gabe aritu ziren; gordin eta umoretsu heldu zioten gaiari. Beldur zela aurpegiratu zion lehen bertsoan Lazkozek, eta Alkaizak hala erantzun: «Benga, tira egin zazu,/ Eneko, amultsu;/ zuri begira-eta/ fidatzen naiz, aizu:/ Burua oso ongi/ depilatu duzu».

Lazkozek bere buru soilari egindako kritika jaso, eta eraso: «Hau ez dut depilatu,/ hau naturala dut,/ ta hemen behar duzu/ depilatzea zuk./ Argizariaz igual/ kendu ditzaket batzuk,/ edo bestela trentzak/ egingo dizkizut».

Ahaztutakoen desfilea

Kartzelako lana ere gorabeheratsu joan zen, baina ahaztutako figuren desfile moduko bat bilakatu zen Berako taula gaina une batez. Fernando Ambustegi gai-jartzaileak jarri zuen gaia: «Urte luzeetan ospe handia izan duzu, badira bi urte inor ez dela zutaz oroitzen». Behea jotako bertsolariaren rola jokatu zuen Lakuntzak, Espainiako lehendakari izandako Jose Maria Aznar politikari eskuindarrarena Alkaizak, Melendi musikariarena Estangak, Mikel Goñi pilota jokalariarena Elizetxek, eta inoiz izar izan eta egun nesken eskubaloi talde baten entrenatzailearena Lazkozek.

Peio Ospital musikariaren ahotsetik aritu zen Barberena bertsotan bere txandan. Eta rol hori jokatzen ari zela eman zuen onena. Bi bertsoak izan ziren ederrak, azkena, agian ederragoa:

Pantxoarekin bikote gisa

beti herritik herrira.

Jasan genuen milaka txalo

eta txaloen dizdira,

orain Bilbora, gero Maulera,

aunitzetan urrutira.

Baina arazo bat eduki ta

banatu egin ginen, tira.

Bakardadea hitz samurretan

ezin nezake deskriba;

ez txalorikan, dena huts-hutsa,

inorek ez nau desira.

Beti lehengoa, baina batzutan

banatzea komeni da,

aurrera ez baita inoiz egiten

beti atzera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.