Donostiako 46. Jazzaldia

«Baretasunaren kultura kolektiboa» galdu da, Abdullah Ibrahimen ustez

«Nartzisistak bihurtu gara», adierazi du pianistak, Trinitate plazan kontzertua eman aurretik

Abdullah Ibrahim «etxean bezala» sentitzen da Donostian. G. GARAIALDE / ARP.
Donostia
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Alde guztietatik lasaitasuna dario Abdullah Ibrahim (Lurmutur Hiria, 1934) pianista eta konpositore hegoafrikarrari, bai jendaurrean musika jotzen ari denean, eta baita agertokia uzten duenean ere. 50 urte daramatza borroka arteak jorratzen, irakasle japoniar bat lagun duela, eta hori izan liteke arrazoia. Japoniako kultura izugarri miresten du. «Fukushimakoa gertatu zenean, albistegiek ez zuten lapurreten berririk ematen. Harrigarria zen. Japoniarrek badute kultura sendo bat, baretasuna lehenesten duena. Tradizionalki, kultura guztiek duten ezaugarria da, baina gaur egun leku gehienetan galdu egin dugu baretasun kolektibo hori. Nartzisistak bihurtu gara. Baretasuna lortzeko norberak bere burua ezagutu behar du lehenbizi, eta gero gizartean duen lekua ulertu».

Baretasunaren ideia horrek musikan ere badu lekua, Ibrahimen iritziz. «Nirekin batera jotzen duten musikari guztiak [Ekaya taldekoak] bikainak dira instrumentuekin, birtuoso hutsak. Baina kontua ez da birtuoso bat zarela etengabe frogatzea». Horregatik hasten dituzte kontzertuak The Mountain abestiarekin, haren esanetan, lasaia eta mantsoa delako. Hala egin zuten atzo gauean ere, Trinitate plazan.

Lehendik ere ezagutzen zuen plaza Ibrahimek —jatorriz Adolphe Johannes Brand da; 60ko hamarkadaren amaieran aldatu zuen izena, Islamera bihurtu zenean—. 1998an aritua zen han, Jazzaldira lehen aldiz etorri zenean. Geroztik, laugarren bisita du Donostian; «etxean bezala» sentitzen omen da.

Inspirazioa naturan

«Nire konposizioetatik asko eta asko lurrarekin loturik daude. Lurra oso garrantzitsua da, ziur nago Hegoafrikako gatazka konpontzeko gakoa ere horretan datzala. Nire inguruko jende askok Kalahari desertuan ditu erroak. Haiek, lur horietako jatorrizko biztanleak, kanporatu egin zituzten, eta orain hirietan bizitzera kondenaturik daude».

Lurrarekiko atxikimendu horren erakusgarri, Ibrahimek etxalde bat du Kalahari berdea deituriko zonaldean, eta han, boskimanoen artean eguzki energia zabaltzeko proiektu batean parte hartzen du.«Naturara itzulera» mundu mailako fenomenoa da, musikariaren iritziz: «Barrenera begiratzearekin dago lotuta. Musika ere hori da, azken finean». Are gehiago, jazza bezala, inprobisazioan oinarritutako musika bada. Ibrahimek Shoto Blues azken diskoko kantuak «unean-unean eraikiz doanarekin» tartekatzen ditu kontzertuetan. Duke Elligtonek esan ziona ekarri du gogora: «Beti gauza bera joz gero, ez da aurrera egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.