Judith Jauregi. Piano jotzailea

«Barne bizitza baduzu, gauza gehiago adieraz dezakezu obra batean»

Gazterik erabaki zuen pianoaren ondoan eman nahi zuela bizitza, eta hartutako erabakia orduan bezain garbi du egun. «Pianoa beti izan da nire bokazio handia, ez dut zalantzarik izan».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bost urterekin hasi zen pianoa jotzen, eta 25ekin batetik bestera emanaldiak eskaintzen dabil Judith Jauregi (Donostia, 1985). Jaioterrian bertan, Viktoria Eugenia antzokian, gaur iluntzean emango duen kontzertuarekin amets bat beteko du. «Nire bizitzako eta ametsetako antzokian joko dut; oso berezia izango da niretzat». Wolfgang Amadeus Mozart, Alexander Skriabin, Johannes Brahms eta Robert Schumannen piezekin osatutako Fantasiak programa joko du, Classic zikloan. «Oso modu ezberdinetan agertuko naiz, eta oso argi ikusi ahalko da nire izaera». Otsailean eta martxoan beste hiru emanaldi eskaintzekoa da Bilbon.

Pianoa moduko musika tresna bat jotzen ikastea sakrifizioarekin, diziplinarekin lotu izan da. Horrek, beste haurren aldean, eragin handia izan zuen zure bizimoduan?

Oso haur zoriontsua izan naiz, eta beste edozeinen moduko haurtzaroa izan dut. Niretzat, jolas bat zen pianoa jotzea, ez zegoen lan seriorik horren atzean, eta ez dut momentu gogorrik gogoan. Gainera, ikasle taldean lagunak ginenez, ongi konpontzen ginen elkarrekin; edozein lekutara joaten ginela, merienda izaten genuen... Nire familiak ere asko lagundu du modu natural batean bizitzen; ez naute inoiz estutu.

Eta nerabezaroan, ez zenuen uzteko tentaldirik izan?

Tira, beti daude une gogorragoak ikasketetan sakontzen duzunean; oso ikasketa gogorra izan dut, asko exijitu didate, baina pianoa beti izan da nire bokazio handia, eta ez dut zalantzarik izan.

Noiz erabaki zenuen pianoa zela profesionalki hartu nahi zenuen bidea?

Hamabost urterekin Kordobara joan nintzen, oso ona zen udako ikastaro batera. Hiri bakoitzeko hoberenetakoak ginen han, eta hilabete batez gogor lan egitea zer zen jakin nuen; eskolak, kontzertuak... Orduan erabaki nuen hori zela nik nahi nuena. Izatez, medikuntza ikastekoa nintzen, baina une hartan letra puruak ikastera sartu nintzen.

Oso garbi izango zenuen hori zela zure bidea, 18 urterekin ikasten jarraitzeko lehenik Salamancara eta ondoren Munichera joateko, ezta?

Bai, beti oso-oso argi izan dudan zerbait da. Gainera, eta ez dut harrokeriatzat hartzerik nahi, sinetsita nengoen lortuko nuela; zerbait egin dezakezula ez baduzu sinesten edo sutsuki desiratzen ez baduzu, ez duzu lortuko, eta nik ez dut inoiz zalantzarik egin lortu ahalko nuela. Banekien lan, ahalegin eta sakrifizio handia eskatuko zidala, baina indar guztiak horretara bideratu nituen.

Maila horretako ikasketak egiteko, kanpora joan beharra dago? Hemen ez dago horretarako aukerarik?

Hemen badira eskola eta irakasle onak, baina kontua ez da soilik maila artistiko bat lortzea, baizik eta maila pertsonal bat ere lortzea. Gazterik beste herrialde batera joateak bat-batean heldutasunera iristea dakarkizu, asko haztea, agian zure inguruan biziko ez zenituen egoerak bizitzea... eta horrek niri asko lagundu zidan. Gainera, artistikoki pauso handia izan zen, Municheko nire irakasle Vadim Sutxanovek asko lagundu baitzidan. Irakasle guztiengana dut esker ona; zorte handia izan dut.

Ikasketak amaituta, asteroko eskolen dinamika utzi zenuela esan duzu, zeure kabuz pentsatzeko. Garrantzitsua da hori egitea artistarentzat?

Oso garrantzitsua da, modu horretan zeure nortasuna garatzen duzulako. Gauzak modu batera edo bestera egiteko esaten dizute eskoletan, dena eginda ematen dizute, ez duzu pentsatzen. Baina obra bati bakarrik aurre egiteko, oso garrantzitsua da pentsatzea 'hau horrela egingo dut', edo 'zati honetan hau esan nahi dut', edo 'beste zati honek intimoagoa behar du'... lanketa hori egin behar duzu, askotan pianotik kanpora, partitura buru barruan duzula.

Nola barneratzen duzu obra bat? Zer-nolako lanketa eskatzen dizu?

Lehenik irakurri egiten duzu, baina asko aurrez entzunak dituzu. Dena den, saiatzen naiz aurrez gehiegi ez entzuten, buruan beste bertsio bat ez izateko eta neurea egiteko. Obrak askoz gehiago barneratzen dira pianotik kanpora, pianoan bertan baino; niri asko laguntzen dit paseatzeak, pentsatzen noalako, edo baita jendearekin hitz egiteak eta haien arazoak entzuteak. Azken batean, inpresio, sentimendu eta sentipen truke bat da, eta hori da obretan irudikatu behar duzuna. Hortaz, zenbat eta barne bizitza handiagoa izan, gauza gehiago adierazi ahalko dituzu obra batean.

Schumann, el arte de lo pequeño zure lehen diskoa kaleratu berri duzu. Zergatik Schumann?

Beti oso gertu sentitu dudan konpositorea izan da. Gaixoak nortasun bikoitza zuen, etengabe hondoratzen zen. Baina bere erotasun horretan ni ulertua sentitzen naiz, mutur emozional oso ezberdinak dituelako; badu alde intimo eta sentibera bat, eta jenio bizikoa eta basatia den beste bat, eta horri esker urrun iritsi ahal zara, eta asko adieraz dezakezu. Horregatik aukeratu nuen.

Halako konpositore baten obrak interpretatzean, norainoko askatasuna duzu zure estiloa erakusteko, eta zenbateraino dira obra horiek ukiezinak?

Badago beldur moduko bat Bach, Beethoven eta halako konpositoreen obrekin, baina gero, adibidezSkriabinekin, nahi duzuna egin dezakezula esaten dizute, inork ez duelako ezagutzen... Tira, ez bata ez bestea: errespetua eta informazioa izan behar da, eta estilo horren barruan jardun. Baina utzi zizkiguten datuekin, gure izaera ager dezakegu, eta askotan, Bachekin esaterako, asko inprobisa dezakezu, konpositoreek eurek askatasun handia eman zutelako horretarako; batzuetan ez zuten obra bat guztiz idatzita uzten, eta nork bere forma asmatu behar du. Erdibidea da kontua, gauza guztietan bezala.

Eta zuk zer ekarpen egin nahi izan diezu Schumannen piezei?

Nire nortasun guztia eskaini diet. Onerako edo txarrerako, diskoa entzuten dudanean, neure burua erabat ezagutzen dut bertan. Begiak itxita entzuten badut, melodia horiek egiazki irudikatzen ditudan bezalakoak dira, niretzat obra horiek horrela dira. Ni neu naiz, oso-osorik, eta hori da eskaintzen diedana.

Diskoak ate gehiago irekiko dizkizula uste duzu?

Ziur baietz, izan dezakezun aurkezpen txartelik hoberena da disko bat izatea, eta, gainera, mundu osoan banatzen ari dira.

Bestela ere, zaila da piano jotzaile gazteek beren bidea urratzea?

Bai, oso zaila da, oso gutxi iristen gara leku bat egitera, eta nik esker ona sentitzen dut, izan dezakedan talentua edo erraztasuna gorabehera, zorte handia izan dudalako, nigan oso txikitatik konfiantza izan dutelako.

Zer behar da pianista ona izateko?

Nortasuna, zerbait esatea, jendea ados egongo ez bada ere. Konstantzia izatea. Langilea izatea ere behar da, eta komunikazio gaitasuna ere bai, oholtza gainean garbi, baina baita oholtzatik kanpora ere. Lehen, artistak zenbat eta gutxiago hitz egin, hobe; baina egun uste dut pianotik kanpora ere aktiboa izatea beharrezkoa dela.

Gaur egun herrialde batetik bestera zabiltza kontzertuak eskaintzen. 15 urterekin, bide hau hartzeko erabakia hartu zenuenean, horrela irudikatzen zenuen zeure burua?

Bai, agian lehen aipatu dudanagatik, irudikatzen baduzu lortzen duzula. Nik pianoa jotzen ikusten nuen neure burua; ez nekien noiz ez non, baina joko nuela bai.

Eta hemendik hamar urtera nola irudikatzen duzu zeure burua? Noraino iritsi nahi duzu piano jotzaile gisa?

Nire egunerokoa izatea nahi dut; antzokietan egon, jendearentzat jo, musikaz gozatu... Hau urte askoan nire bizitza izatea nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.