Barnea zaindu beharraz

Mundua ulertzeko bide poetiko-imajinatiboak behar bezala ez lantzeak ekar ditzakeen kalteez eta arriskuez ohartarazi du Bernardo Atxagak Donostian egindako hitzaldian.

Bernardo Atxaga, atzoko hitzaldiko une batean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Mundua ulertzeko bide poetiko-imajinatiboa ez da egungo gizartean —eta hezkuntzan bereziki, eskolan—, behar bezala zaintzen, Bernardo Atxagaren ustez, eta mundua ulertzeko modu zientifiko-materialistari ematen zaio lehentasuna. Bi moduak aintzat hartu eta bien arteko oreka egoki bat bilatzearen aldeko aldarria egin zuen atzo arratsean idazleak Kutxaren Donostiako Andia kaleko aretoan, Mestizajeak topaketen barruan, eskaini zuen gaztelaniazko hitzaldian. Reacciones ante una piedra rayada izan zen hitzaldiaren izenburua (Arraiatutako harri baten aurreko erreakzioak).

Mundua ulertzeko bi modu horiek —Atxagak poetiko-imajinatiboa eta zientifiko-materialista deitu zituenak— «sortzeko modu bera» dute, «baina gero ez dute zerikusirik batak bestearekin». Bi ikuskera horien sortzeko unea berdina dela adierazteko, arraiatutako harri baten irudia erabili zuen Atxagak, mikraster deitzen zaion fosilarena, hots, itsas trikuaren fosilarena. «Bidean dauden harri guztien artean mikrasterra berezia da bere formagatik. Halako gelditze edo eten bat sortzen du ikusten duenaren buruan». Gisa horretako harri bat ikusita, joera materialistari atxikitako duela 500 urteko ibiltari batek esango zukeen harri horren arraiak tximistak jota sortutakoak direla; gaur egungo batek, aldiz, esango luke itsas triku baten fosila dela. Joera poetiko-imajinatiboko ibiltarien interpretazioek ez dute halako bilakabiderik izan; duela 500 urteko batek bezalaxe esan lezake gaur egungo batek harri arraiatua juduek Jesukristori botatakoetako bat dela, adibidez.

Grezia zaharreko bizilagunak basoan arruntak ez ziren hotsak —intziriak, arnasketak, orroak…— entzunda ikaratu egiten zela ekarri zuen gogora Atxagak, eta pentsatzen zutela soinu haiek Pan izeneko sasi-jainkoak sortzen zituela. «Erreakzioa, kasu honetan, ez da soilik erreakzio poetiko-imajinatiboa, ez da soilik kontaera», Atxagaren ustez. «Pertsonaia bat sortzen du, fantasma bat, eta fantasma hori lotuta dago ikararekin, beldurrarekin, gizaterian seguru asko eragin handiena duen sentimenduarekin. Eta fantasma bakarrik ez, hitza ere sortzen du, eta hitz hori panikoa da, Pan sasi-jainkoak ematen duen ikara izendatzen duena. Hitz hori hizkuntza guztietan dago orain».

Erreakzio hori «ez da hutsean ari», hizlariaren ustez. «Erreakzio horrek azalera dakar gizakiaren barnea, batzuek arima deituko dutena, beste batzuek psike eta beste batzuek espiritua edo auskalo». Gizakiaren barnea kanporatzeak, erakusteak eta horretarako hitz bat sortzeak barne hori hobeto ulertzen laguntzen du.

Rousseau aitzindari

Baina azalpen horietan, kontaera horietan, subjektibitatea «zeharka» eta «ia-ia gogoz bestera» baino ez da adierazten, proiekzioen bidez. «Ez da pertsona bat bere subjektibitateaz ohartu, subjektua dela eta subjektu desberdina dela konturatuz, barnetasun berezi bat daukana». Hori literaturak egin izan du geroago, aitortzen, memorien eta autobiografien bitartez. Jean-Jacques Rousseauren Les Confessions liburu «apartekoa» derrigor aintzat hartu beharreko aitzindaritzat du Atxagak. «Liburu horretan aurreneko aldiz pertsona batek bere barruko egia azaltzen du, bere barruko hori erabat bakana izanik, bera bakarrik delarik halakoa».

Oinazea eta atsegin sexuala lotzen dituela aitortzen du liburuko pasarte batean Rousseauk. «Bere barruko mikraster hori, joera arraro hori, kontatu eta azaldu egiten du modu poetikoan». Baina horrek oraindik ez dauka izenik. 80 urte geroago hartuko du izena, Leopold von Sacher-Masoch-en Venus im Pelz nobela argitaratu eta gero. Nobela horretako pertsonaia nagusiak oinazea eta atsegin sexuala lotzen ditu, eta Krafft-Ebing psikologoak joera horri masokismoa izena eman zion. Psikologo berak sortu zuen sadismoa hitza krudeltasuna eta atsegin sexuala lotzen dituen joera sexuala izendatzeko. «Oso berezia da zirkulua nola ixten den», Atxagaren ustez. «Sadeko markesaren gutunak irakurtzen ari naiz, eta hara non ikusten dudan halako batean galarazi egiten diotela Rousseauren Les Conffesions-en irakurketa». Sadeko markesarentzat liburu hura kristauentzat Jesukristoren imitazioa zenaren parekoa zen, une oro aintzat hartzeko eredu serio eta zorrotza.

Ala bide zientifiko-materialista nola bide poetiko-imajinatiboa, biak, ezuste batetik abiatzen badira ere, horri erantzun bat eman nahiz, bide-poetiko-imajinatiboa arimaren, psikearen, barne subjektibitatearen arloaz arduratzen da, eta arlo horretan beste hizkerek —zientziak, hizkuntza matematikoak…— ez dute zereginik.

Duela 4.000 urteko poema

Gilgamesh-en poeman —historiako narrazio idatzirik zaharrentzat jotzen dena, duela 4.000 urte ingurukoa— Enkidu lagunaren heriotzean agertzen den poema irakurri zuen Atxagak. «Poema hori, gaur egun, hil zaigun lagun baten hiletara eraman eta irakurriko bagenu, entzuleek ulertuko lukete, hunkituko lirateke poemarekin. Lau mila urte geroago poema horrek bere indarra eta bere sakontasuna gordetzen ditu. Harrigarria litzateke, aitzitik, duela lau mila urteko azalpen zientifiko bat baliagarria izatea gaur egun». Ez alferrik oso antzeko poema du Maria Wine suediar poeta garaikideak, adibidez. Poema horren gaurkotasunak espiritua, arima edo giza barnea «zerbait aldaezina» dela pentsarazten dio Atxagari, «halako tinkotasun bat edo ahistorizismo bat» dagoela arimako kontuekin lotuta.

Jatorri bera izan ondoren gero banatzen diren bi bideek hezkuntzan eta eskolan bildu behar lukete berriro, Atxagaren ustez. Politikak bildu beharko lituzke.Ez zaio iruditzen, ordea, Euskal Herrian eta Espainian, oro har,hori gertatzen ari denik, ez baita hizkuntza poetiko-imajinatiboaerabiltzen irakasten. «Gure eskoletan ez da irakurtzen irakasten, ez da idazten irakasten, ez da debatitzen irakasten, ez da politika irakasten, ez da demokrazia zer den irakasten». Bide bien arteko oreka egokiago baten premian sumatzen du Atxagak gizartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.