Barrez lehertu beharrean

Lorea Agirre.
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Houdinik berak miraz hartuko lituzkeen mirariak egiteko gai izan dira asko eta asko: beren buruak urkatu, eskuak burdinekin lotuta zeuzkatela; errekan igeri eginez ihes egin, igerian jakin gabe eta gorpu ito bihurtu eta gero; arnasa eta bihotzaren taupadak nahierara geldiarazi.

Kaletik entzun zitezkeen polizia etxeko sotoetatik zetozen atxilotuen barre algarak, galdekatuei aplikatzen zitzaizkien kilimak; atxilotuak barrez husten ziren, malkoei ezin eutsi, barrearen barrez pixa gainean egiten zuten, asko barrez lehertzen ziren, eta are, baita beste batzuk barrez hiltzen ere; atxilotuen begi haziak eta aurpegi puztuak barre zantzoka aritu eta gero, irri karkaila ezin itoagatik hozkatutako ezpain odoleztatuak, bularralde gorrituak, tatuaje ubelak, barre algaretan arnasari ezin buelta emanaren ondorioz.

Izan ere, tortura festa bat zen frankismo garaian. Horrela dio Isaac Rosa idazleak El vano ayer eleberrian. Eta zera galdetzen du, ondotik: nola kontatu tortura eleberri batean, ze teknika literario erabili, ze estilo, zein metafora, zenbat elipsi, zenbateraino iradoki edo deskribatu. Beste edozein kontu bezala tratatzerik ba ote dago tortura? Torturaz ari garenean beharrezkoa da esplizitatzea: foku indartsu batez argitu eta irakurketa etetea baino beste ihesbiderik ez uztea, hamabost orrialde salto batean igarotzea, liburua ixtea.

Torturatuen testigantzak egunkari gutxi batzuetan. Agurtzane Juanenak kontatzeko zuena liburu batean jasoa. Juanenak kontatzeko zuena tortura historia bat gehiago da. Beste bat.

Gero Portu eta Sarasola izeneko bi agertu dira egunkariko argazki batean, Donostiako epaitegian sartzen dituztela guardia zibilek. Eskuburdinak jarrita dauzkate. Azal delikatua dute nonbait, Adidas markako eskumuturrekoak jantzi baitizkiete burdinen azpitik. Bestela, igual, urraturen bat egin eta tratu txarra jaso dutela salatuko dute.

Ez da, ez dakigula, egia esan. «Ezin da frogatu» baina jakin badakigu oso ondo, guztiok, torturak badaudena. Horrela idatzi du Joxe Azurmendik Juanenaren liburuaren aitzakian. Eta zera galdetzen du, ondotik: nola bizi da torturatua bere torturarekin? Hasteko, torturatuarentzat tortura ez da iragana bilakatzen, presente dago beti. Tortura ez da trafiko arau-urratze bat. Gizartearen ukazioa da. Piztien basagizartea da, legeak babestua. Alabaina, jakinda bizitzen ikasi dugu. Jakinda ez jakiten. Torturarik ez balego bezala bizi da bakoitza bere zereginetan. Horra Azurmendiren erantzuna. Izan ere, katu jendea gara: gehiago isiltzen dugu esaten duguna baino, Eider Rodriguezek ederki ohartarazi digunez. Jaurlaritzak ezin du ezer egin?, galdetzen du beste batean pentsalariak.

Euskadi saria eman berri dio Eusko Jaurlaritzak Azurmendiri. Pentsalari eta idazle oparoa, sakona, zorrotza eta kritikoa da, funtsezko pentsalaria gurean. Tortura izan du bere kezka gaietako bat, eta baita herrigintza eta euskaldungintza ere -esan badaiteke horrela-, eta gogor kritikatu ditu nazionalismo espainiarra, demokrazia eszenografikoak eta horien ajeak. Saritu dute, baina ez noski gai horietaz guztiez ezinbesteko ekarria egin duelako, baizik eta idatzi duen liburu eder baina apolitiko, pribatu eta erosoenagatik. Zer beste egin zezakeen Jaurlaritzak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.