Zinez ekoiztetxeak Barrura begiratzeko leihoak filmaren beste pase pribatu bat egin du gaur, euskal gizarteko pertsona ezagun batzuekin, "gizartea bera klandestinitatera kondenatu ez dezaten". Haien artean izan da Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea.
Bost euskal presori buruzko dokumentala ikertzeko asmoz Espainiako Auzitegi Nazionalak lanaren kopia bat eskatu ondoren, ekoiztetxeak lehengo astean utzi zuen ale bat auzitegian. "Guztiz egoera tristea eta umiliagarria izan zen guretzako", esan du Zinez-ek.
Gaur emanaldia goizeko hamar eta erdietan hasi da, Donostiako Aquariumean. Irailaren 10ean egin zituen ekoiztetxeak filmaren lehen emanaldi pribatuak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Donostiako Zinemaldiak jaialditik kanpo utzi zuen Barrura begiratzeko leihoak.
Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi dira dokumentalaren zuzendariak. Presoak edo preso izandako bostak, berriz, Mikel Albisu Mikel Antza, Jon Ugarte Zinkunegi, Irati Tobar, Mikel Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jexux Mari Zalakain.