Zinez zine ekoiztetxeak gaur jakinarazi duenez, Barrura begiratzeko leihoak film dokumentalak 40.000 euro lortu ditu hilabete eskasean, herritarren ekarpenei esker.
Espainiako Gobernuaren kanpaina bat dela medio, filmaren Zinez ekoiztetxeak uko egin zion Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari. Baita beste hainbat erakunde publikok onartutako laguntza orori ere, guztira, 31.000 euro. Hain zuzen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoitzat har zitekeela udalak laguntza eman izana —Bildu dago Donostiako udal gobernuan—.
Hala, babes ekonomikoa lortzeko kanpainak bere helburua lortu duela esan dute. Dena den, proiektua ekonomikoki laguntzen jarrai daiteke webgunean.
Hitz onak izan ditu ekoiztetxeak proiektua aurrera eramaten lagun du duten guztientzat. "Filma ekonomikoki lagundu duen orori eskerrak eman nahi dizkiogu, 4 euro edo 500 euro eman dituztenei; denak dira proiektuaren parte eta horrela jakinarazi diegu, banan-banan, e-mail bidez", azaldu du ekoiztetxeak. Esker oneko hitzak, halaber,
kultur eta komunikazioaren munduari, "ez genuen ahotsa eman diguten horiei".
Bestalde, bost euskal presoren gaineko dokumentala Zinemaldiko hautatze batzordeari aurkeztu diotela jakinarazi nahi dute. Ildo horretan, bereziki nabarmendu dute ez dutela "sorgin ehizarik" nahi, ez eta "faboritismorik" ere.
Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala da Barrutik begiratzeko leihoak. Bakoitzak preso bati buruzko istorioa kontatuko du. Irati Tobar, Jon Ugarte Zinkunegi, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Mikel Albisu Antza euskal presoak dira filmeko protagonistak.