Bat-batekotasuna iturri

Gaizka Peñafiel trikitilariak abestien lehen arnasari heldu dio 'Lagunartean' pop diskoan

Pop musikari loturiko disko bat egin du Gaizka Peñafiel trikitilariak. BERRIA.
Bilbo
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gaizka Peñafiel musikariak (Lezama 1985) «bat-batekotasuna» izan du abiapuntu Lagunartean atera berri duen diskoan (Baga-Biga). «Lagun batek esan zidan: 'Zergatik ez duzu abesti bat osatzen?'», azaldu du Peñafielek berak. Eta adiskidearen ideiari jarraiki, gitarra hartu eta lanari ekin zion. Lortutako emaitza «atsegina» izan zenez, abesti gehiago sortu zituen. Horiek hala, hamabost egunen buruan zazpi kanta osatu zituen, eta aste bitan egindako lan hori izan zen diskoaren aurreneko pausoa. Ondoren etorri ziren azkeneko hiru abestiak.

Peñafiel ez da hasiberri bat. Trikitilari modura nabarmendu da orain arte, baina hau du pop musikari lotuta grabatu duen aurreneko diskoa. Eta, horretarako, esperientzia duten musikariz inguratu da. Peñafielek berak dio proiektuari ekarpen handia egin diotela. «Musikari guztiek euren izaera azaltzeko aukera izan dute. Nik kantuak eragiten zien sentipena agertzeko eskatu diet». Besteak beste, Alain Asenjo, Koldo Izagirre eta Carlos Sanchez musikariek bat egin dute diskoan. Aurrenekoak bateria jo du; Izagirrek, tronboia, eta Sanchezek, tronpeta.

Peñafielek argitu du diskoa egiteko orduan batez ere hiru pertsonaren lana oso garrantzizkoa izan dela. Asier Arcillak maketak txukuntzeko eta birmoldatzeko ardura izan du. Beñat Gaztelumendi bertsolariak, berriz, hitzei erreparatu die. «Gaztelumendik zuzenketa batzuk proposatu ditu, bainaaurreneko hitzak eta bukaerakoak oso antzekoak direnez, diskoak ez du galdu hasierako bat-batekotasuna eta freskotasuna». Eta Asier Olazar lankideakbideratu eta aurrera eraman du proiektua. «Lehenengo notatik azken notara nirekin lan egin du. Egitasmo hau aurrera eramatea posible ez zela uste nuen momentuetan berak bultzada ikaragarria eman dit».

Diskoa udan grabatu zuten.«Jendea oporretan zegoen bitartean, gu Bilboko Balea Musika Ideiak estudioan izan gara grabaketa lanetan». Orain proiektua sustatu beharra dagoela dio. Hala ere, eta aurrera begira, kontzertuak ematea ez du baztertzen, baina nahiko zaila dela uste du, «lanean jende askok parte hartu duenez, oso zaila da guztiak biltzea, baina ate hori ez dut itxiko».

Diskoen salmenta gainbeheran dagoen garai hauetan bezeroen ahalegina garrantzitsua dela uste du Peñafielek. Hori dela eta, «jende guztiarentzako» lana kaleratu nahi izan du musikariak. «Abesti batzuk gazteei gustatuko zaizkie. Beste zenbait, haien gurasoei eta aitona-amonei. Nire asmoa guztiengana iristea izan da, eta ez eremu zehatz batean geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.