Marka guztiak hautsiz, bat-bateko arrakasta ikaragarria eskuratzen ari da Dolores Redondo idazlearen (Donostia, 1969) El guardián invisible nobela. Bartzelonako Destino argitaletxeak kaleratutako gaztelaniazko jatorrizko argitalpenarekin batera, nobelaren zortzi itzulpen kaleratu dira aste honetan: euskarazkoa, galizierazkoa, katalanezkoa, frantsesezkoa, alemanezkoa, italierazkoa, portugesezkoa eta norvegierazkoa. Euskarazko itzulpena Josu Zabaletak egin du, eta Erein argitaletxeak kaleratu, Uzta Gorria sailean, Zaindari ikusezina izenburuarekin.
Gainera, nobelak kontatutakoa zinemara eramateko eskubideak erosi ditu Peter Nadermann NadCon ekoiztetxeko buruak, Millenium sagako hiru filmen ekoizle nagusiak.
Aurretik, haurrentzako hainbat narrazioz gain, beste nobela bat zuen argitaratua Redondok —Los privilegios del ángel, Eunate, 2009). Hark ez zuen oihartzun handirik lortu. Zaindari ikusezina-ren arrakasta, aldiz, elur-jausi baten gisa hazi da egileak iazko ekainean, aparteko itxaropenik gabe, Anna Soler-Pont agenteari eskuizkribuaren kopia bat bidali zionetik. Soler-Pont liluratu egin zuen Redondoren nobelak, eta geroztik lilura hori kutsatu eta transmititu du agenteak, bereziki urriaren hasieran, Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan, egindako lanarekin.
Baztanen girotutako nobela poliziakoa da Zaindari ikusezina. Amaia Salazar detektibeak hilketa baten inguruan egindako ikerketa du ardatz nagusi, baina euskal mitologiak presentzia nabarmena du kontakizun osoan. Amaia Salazar, Baztan eta euskal mitologia alde batera utzi gabe, beste bi nobela argitaratu eta trilogia osatzeko asmoa du Redondok. Bigarren nobela idatzia du dagoeneko: El legado de los huesos.