Iraganaren zamaz eta zama horri atxikitako erruduntasun sentimenduaz askatzeko premia itogarria sentitzen du Lurrek, Uxue Apaolazaren (Hernani, 1981) Mea culpa nobelako (Elkar) protagonistak. Hilketen bidez, bere burua ere hiltzen saiatzeko pentsamenduraino eramango du itomen horrek. Uxue Apaolazaren aurreko liburua —Umeek gezurra esaten dutenetik narrazio bilduma (Erein, 2006)— «mugarria» izan zen «barneko mina espresatzeko orduan», Angel Erro idazlearen ustez. «Liburu berria, min bera izanik kontagai, amildegi berberen ertzetara hurreratzen da, baina bestelako heldutasun batekin».
«Madrilen bakarturik bizi den neska bat» da Lur, Apaolazak azaldu duenez. «Metroan doala, argazki bat ikusten du, iraganetik baletorkio bezala, egunkari baten azalean. Argazki horrek ireki egingo dizkio ondo itxi gabe zituen zauriak, eta daukan erreakzioa kulpak batzuetan sortzen duen amorruzko erreakzioa da».
Amorru horrek nerabezaroan institutuan izan zituen ikaskide lagunekin Facebookeko mezuen bidez elkartu eta haiek banan-banan hiltzeko pentsamendura eramango du. «Aukeratzen dituen pertsonaiak hilez, bere burua hiltzen du, gutxi gorabehera».
«Gustatzen ez zaionarekiko amorru erreakzio horregatik» aukeratu zuen Apaolazak hilketen egitura. «Liburua kulparen inguruan dago osatua, eta protagonista objektiboki errudun bihurtzeak zigorraren aukera ireki dit, kulpak kulpa sentitzen duenari eskatzen dion zerbait delako zigorra. Ez da nobela poliziakoa, baina espero dut jakin-mina sortuko duela Lurrek desio duen zigor hori lortzen duen edo ez jakiteak».
Lurren iraganeko lagunetako asko ezker abertzalearen girokoak edo ingurukoak dira. Inplikazio politiko horrek iraganaren zama are astunagoa bihurtzen du kasu batzuetan. «Nerabezaroan, ziurtasun oso absolutuak izaten ditugu, dena txuri edo beltz ikusteko joera nagusitzen da. Ziurtasun absolutu hori biolentzia alde guztietatik sartzen zaion errealitate batekin nahasten duzunean, gerta daiteke hartutako erabaki absolutuak ez gertatzea batere merkeak bizitzan aurrera egin ahala. Nerabezaroa atzerakorik gabeko zerbait bihur dezakete».
Antzak eta aldeak
Lur bezala, Uxue Apaolaza ere Madrilen bizi da, eta beste gorabehera batzuetan ere bat egiten dute biek. Adibidez, Lur beka baten laguntzaz ari da nobela idazten, Uxue Apaolazak Mea culpa idatzi duen moduan, Igartza beka jaso baitzuen 2009an nobela berria idazteko egitasmoarengatik. Baina hala ere nobela ez da autobiografikoa. «Egia da protagonistak nire kezka berberak izan ditzakeela, baina beste modu batez egiten die aurre, eta beste dimentsio bat ematen die», azaldu du Apaolazak. «Beraz, Lurrek dituen kezkak ez dira nire kezka berberak. Gainerako pertsonaia guztiak, berriz, fikziokoak dira, eta nobelak errealitatearekin izan ditzakeen kointzidentzia guztiak kasualitateak dira. Edo hala ez bada, errealitatearena da arazoa».
Egileak liburu poliziakoa ez dela esan arren, Angel Errok uste du ez dela zentzugabekeria Mea culpa «barne-thrillerra» dela esatea. «Hiltzailea hala da, hiltzailea, hala sentitzen delako, alde batetik; eta, bestetik, hala izan nahi lukeelako, hiltzailea sentiarazi dutenekiko». Far-west-eko abenturen tankerarik ere hartzen dio, «mendeku goseak bizi duelako protagonista, eta bere iraganeko mamuak banan-banan garbitzen joango delako, hitzaren adierarik zabalenean».
Bazterrean ezin utzizko zama
Iraganaren zauriak eta erruduntasuna ditu gai nagusi eta ardatz Uxue Apaolazaren 'Mea culpa' nobelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu